Aldaketa, bazterkeria arriskuan diren Buruntzaldeko pertsonentzat etxebizitza babestuetan alojamendu-zerbitzuak emateko lankidetza hitzarmenean

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 30a, 09:09

Urte amaieran Beterri-Buruntzan bazterketa egoeran diren pertsonentzako etxebizitza babestuak emateko udalbatzak onarturiko hitzarmena aldatzea erabaki zuten udal ordezkariek, maiatzaren 23ko legealdiko azken osoko bilkuran.

Beterri-Buruntzan bazterketa egoeran diren pertsonentzako etxebizitza babestuak emateko lau urteko hitzarmena eta araudia onartu zituen udalbatzak aho batez, abenduaren 20ko osoko bilkuran. Erabakion baitan, Hernanin eta Lasarte-Orian gizarte inklusiorako alojamendu bana eskaintzea aurreikusten zen; Hernanikoa, harrera pisua izatea proposatu zen, erabiltzaileak lehen sei hilabeteak bertan igarotzeko. Hurrengo sei hilabeteetarako Lasartekoa, emantzipaziorako. 

Egitasmo honekin, “gizarte bazterketarako arriskuan aurkitu daitezkeen herritarren egoerak ez areagotzea, trantsizio-prozesuak ahalbideratzea, eta ahal den neurrian, egoera normalizatzeko bideak jorratzeko aukerak gauzatzea” zen asmoa.

Hitzarmenok sei udalek osoko bilkuretan onartzea adostu zuten, “sei udaletatik bostek hori horrela gauzatu zuten”. Tartean Usurbilgoak. Lasarte-Oriak ordea akordioan atzera egin eta moldaketak egitea eskatu zuen. Ondorioz, lanok bideratu artean, bigarren etxebizitza Andoaingo Udalak jarriko du, “Lasarte-Oriako Udala hitzarmenara atxekitu bitarte”. Egoera berrira egokitutako lau urterako hitzarmen berri bat landu dute bost udalek, eta hitzarmen hau hain zuzen, maiatzaren 23an udalbatzak eginiko osoko bilkurara bozkatzera eraman zuten. Aho batez onartu zen.