Saltoki hutsen poltsa osatu dute Udalak eta jabeek, herri komertzioa sustatzeko

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 30a, 09:58

Lokal hutsen poltsa publikoa osatzeko ekimenak helburu argia du; hutsik diren lokalak dinamizatu eta jarduera ekonomiko berriak sustatzea, eta jarduera berriren bat abiatu nahi duenari bere proiektua gauzatzeko lanak erraztea. Poltsa hau osatzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta 13 jabeek.

Hitzarmena, Beterri-Buruntzako Udalak sustatzen ari diren Guztion Egitasmoa proiektuaren eta herri honi dagokionez, Udala herri-komertzioa bultzatzeko garatzen ari den Usurbil Zabalik programaren testuinguruan kokatzen da. Aipatu moduan, herrian jarduera ekonomikorik ez duten, edo beste modu batera esanda, hutsik diren lokal komertzialen poltsa publikoa osatu nahi da. Momentuz, 13 jabeek eman dute izena. Baina hutsik duten lokalen jabeei soilik ez, enpresa proiektu bat duten ekintzaileei ere zuzendua dago.

Poltsa publiko honekin, "batetik, jarduerarik gabeko lokala alokairuan edo salgai jarri nahi duten lokal-jabeek zerbitzu hau erabiltzea, eta, bigarrenik, Usurbilen enpresa proiektu bat garatzeko lokal baten beharra duten ekintzaileei erabilgarri dauden lokalei buruzko informazioa eskaintzea" da asmoa. 

Biniloa eta web orria
Udalak lokal hutsen jabeen eta merkatal egitasmo bat gauzatu nahi duten ekintzaileen arteko zubi-lana egingo du, "eta informazio guztia Usurbilgo Udalaren webgunean jasoko da. Hau da, informazioa zabaltzeko tresna nagusia webgunea izango da".

Horrekin batera, poltsa honetan izena ematen duten lokal hutsetan "Usurbil Zabalik" biniloa jarriko dute jabeek. Beste zeregin bat ere izango dute: "2019ko martxoan egindako lokal hutsen azterketetan jasotako eta webgunean ageriko den informazioari eragiten dion edozein aldaketaz Udala informatzea, webgunean ahalik eta informazio eguneratuena izateko helburuz". Udal web orrialdean gai honekin atal berezitu bat sortuko duela iragarri du Udalak.

Bai herrigune zein auzoetako jarduera sozioekonomikoa berreskuratu edo sustatzeko, eta honenbestez, tokiko merkataritza eta zerbitzuen eskaintza indartzeko elkarlanaren garrantzia azpimarratzen du Udalak. 

Irudiaren egilea: Usurbilgo Udala.