Ugaldea lehengoratzeko esku-hartze programa garatuko du Udalak bertako jabeekin elkarlanean

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 30a, 09:45
Ugaldea industriagunea.

Gipuzkoako Foru Aldunditik 15.000 euroko diru-laguntza jaso du Usurbilgo Udalak, Ugaldeako industriagunea lehengoratzeko esku-hartze programa bat idazteko. Esku-hartze programa honekin, Ugaldea eremua txukuntzea litzateke Udalaren helburua, beti ere bertako jabeek osatua duten elkartearekin auzolanean.

10.000 biztanletik beherako udalerriek eremu degradatuak lehengoratzeko esku-hartze programa egitasmoak finantzatzeko foru deialdiaren baitan jaso du Udalak diputazioaren diru-laguntza. Deialdi honetan, Udalak Ugaldea industriaguneari lotutako aipatutako programa gauzatzeko diru-laguntza eskatu zuen, “izan ere, programa hori idazteko aholkularitza teknikoa kontratatzeko asmoa du Udalak, ingeniaritza, hirigintza, ingurumena eta ekonomiaren arloak uztartzen dituen aholkularitza, hain zuzen ere”. 

Foru Aldunditik jasotako laguntza albiste ezinhobetzat jo du funtzioetan den Xabier Arregi alkateak, “izan ere, industriagune hori biziberritzeko eta bertako jabeek sortu berri duten elkartearekin eskuz esku elkarlanean aritzeko bultzada izugarria emango duelako”. 

Gogoan izan, Usurbilgo Ugaldea Poligono Elkartea osatua dutela aipatu eremua biziberritzeko bertako hainbat jabeek. Elkarte honen, bertako jabeen eta Udalaren arteko elkarlana sustatuz garatuko da. Egitasmo honen baitan, industriagunea berroneratzeko eta egungo parametroetara egokitzeko irizpideak zehaztea aurreikusten da; Eusko Jaurlaritzako Industrialdeetarako Renove Plana-Urbanizazioa laguntza programan parte hartzeko urbanizatze jarduerak zein diren identifikatzea; egungo egoeraren eta urbanizatze jardueren aurreproiektua lantzea; jarduerak programatzea eta jardueren balorazio ekonomikoa.

Helburua, zonaldea txukuntzea
Udaletik ohartarazi dutenez, aparteko saiakera egin da 60. hamarkadan sortutako industriagunean. “Industriaguneak hirigintza-kudeaketan hasieratik hainbat arazo izan zituen, eta denboraren poderioz ondorioak areagotzen joan dira, esaterako: urbanizazioaren egoera eskasa eta udalak jaso gabea, ekarri dituen mantenu arazoekin; ibaiari bizkar garatutako jarduerak, hainbat eraikinen eraikuntza-kalitate baxua…”. 

Argi dio Udalak, “asmoa ez da industriagune berri bat egitea, zonalde degradatu bat txukuntzea baizik, bertako jarduera ekonomikoa baldintza onetan gara dadin”. Arregik nabarmentzen duenez, kokagune estrategikoa du Ugaldeak, jarduera sozioekonomiko berriak erakartzeko potentzial handia izan dezake. Gai hau herri interesekoa dela ondorioztatzen du, “interes kolektiboa du, eta herri osoari egingo dio mesede”. Horregatik, aurrera begira, udalaren eta jabeen arteko elkarlanean sakontzen segitzeko deia egin du.

Azken hamarkadetan industriagunea eraberritzen saiatu arren, “ez da helburua lortu, eta egunetik egunera egoera okertuz joan da. Beraz egungo egoera kezkagarria da. Dekadentzian dagoen industriagune baten aurrean aurkitzen gara, non benetako eraberritze baten aldeko neurririk hartu ezean, atzera buelta gabeko prozesu batean sartzeko arriskua dagoen etorkizun hurbilean”.