Usurbilgo jaietako zikiro janerako txartelak gaurtik aurrera salgai

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 7a, 09:54

Ekainaren 29an Askatasuna plazan ospatuko den otordurako txartelak ostiralean (ekainak 7) jarriko ditu salgai antolakuntzak ohiko tokietan. Kontuan hartzeko oharra, txartelak segituan agortu ohi baitira.

Abiada bizian saltzen direnez, adi ondoko oharrari. Datozen Usurbilgo jaietako euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko zikiro janerako txartelak ostiral honetan bertan (ekainak 7) jarriko dituzte salgai antolatzaileek. Txartelak ohiko lekuetan, Aitzagan, Txiribogan eta Bordatxon eskuratu ahalko dituzue 25 eurotan, 15 eurotan langabetu eta ikasleek. Antolakuntzak ohartarazi duenez, “txartelak ezingo dira itzuli ekainaren 28tik aurrera”. Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko diren Usurbilgo jaietako zikiro jana, hilaren 29an ospatuko da, larunbatez, 14:00etan Askatasuna plazan.

Usurbilgo jaietako Bertsopaper Lehiaketa
Bota Punttubak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko 43. edizioan parte hartzeko epeak zabalik segiko du ekainaren 21era arte. 16 urtetik gorako usurbildarrei zuzendua dago txapelketa. Lana (originala eta hiru kopia) egilea nor den adierazi dezakeen daturik gabe aurkeztu, kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak. Guztia helbide honetan: Usurbilgo Udala (XLII. Bertsopaper Lehiaketa) Joxe Martin Sagardia plaza. Usurbil 20170. Bertsopaperek 6-10 bertso artekoak izan beharko dute, inoiz argitaratu gabeak. Sariak: lehen saria 200 euro eta oroigarria; bigarrena, 150 euro.