Abisu horian gauerditik bihar eguerdira arte, "prezipitazio handiagatik"

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 4a, 07:00

Aldaketa dator astearte gau honetarako. Euritara joko du iluntzerako. Gauerditik asteazken eguerdira arte abisu horian izango gara "prezipitazio handiagatik".

Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez, "Gipuzkoako zenbait tokitan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke, ekialdean bereziki. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu; zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izan daitezke, ekialdean bereziki. Astearte gauean eta asteazkenaren lehen partean prezipitazioa iraunkorra izan liteke eta ekialdeko toki batzuetan 40-60 l/m² pila daitezke". Horregatik, aipatu moduan, abisu horian izango gara astearte gauerditik asteazken eguerdira, "prezipitazio handiagatik".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Ekainak 4, asteartea
"Gaur arratsaldetik aurrera giro kaskarragoa. Goizean hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira eta tenperatura atzoko balioetara iritsiko da; kostaldean beroenak 22-23 ºC ingurukoak izango dira eta barnealdean 25 eta 30 ºC artera iritsiko dira. Arratsaldean, berriz, aldaketak izango ditugu. Hodeiek zerua estaltzen hasiko dira, ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da eta zaparrada batzuk botako ditu, mardulagoak arratsalde-gauean. Horrekin batera, freskatzera egingo du".

Ekainak 5, asteazkena
"Asteazkenean tenperaturak behera egingo du eta euria espero da. Udazken itxura hartuko du eguraldiak; ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, hotz sentsazioa areagotuko du, eta zaparradak botako ditu nonahi. Goizean ekaitzak ere jo dezake. Tenperaturak behera egingo du nabarmen, erdi eta hegoaldean batez ere; zonalde horietan 10 ºC baxuagoa izan daiteke. Arratsalde-gauean atertzera egingo du eta baliteke arratsaldean mendebaldetik ostarteak zabaltzen hastea".

Ekainak 6, osteguna
"Ostegunean berriz ere hodeiak eta ostarteak izango ditugu, eta tenperaturak gora egingo du. Giro nahasi samarra izango da; une batzuetan urdinguneak zabalduko dira baina beste batzuetan euri apur bat egin dezake. Arratsaldean haizeak indarra hartuko du; kostaldean ekialdetik joko du eta hegoaldetik, berriz, barnealdean. Tenperatura maximoak igo egingo dira eta 20-25 ºC artean ibiliko dira".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus