Etxe eta Ibai Marinekin kontzertu gaua 22:30etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 7a, 08:53

Biak batera Euskal Herrian barrena eskaintzen ari diren emanaldietako bat Sutegin eskainiko dute ostiralean, ekainaren 7an 22:30etan. 22:00etan irekiko dituzte aretoko ateak. Sarrerak 8 eurotan eskuratu ahalko dira egunean bertan.

Ibai Marin: “Ezer gordetzeko asmorik ezta beldurrik ez dudan etapara heldu naiz”
Elkarrizketako argazkiaren egilea: Karkara.

Nolatan zatozte Etxe eta zu Usurbila?
Ibai Marin: 
“Bidean naiz” diskoa kaleratu nuen azaroan. Etxerekin jada pare bat kontzertu eskaini ditut. Berak pare bat emanaldi lotu zizkidan eta bueltatzearren, Gipuzkoa aldera ekarri dut. Usurbil leku aproposa iruditzen zitzaidan, bertan lan egiten dut eta lagunak ditut. 

Disko autobiografikoa duzu “Bidean naiz”.
Hirarekin bost disko kaleratu eta gero, inpasse bat sortzen da hor eta bakarkako diska bat sortzera ausartzen naiz, etapa bukaera eta etapa berri honetan suertatu zaizkidan hainbat gauza kontatuz.

Oholtzan, sortzailearen atzean dagoen pertsona ikusiko dugu nabarmenago.
Kantuan nire bizitzaren etapa desberdinak kontatzen ditut eta egia esan oso azaleko kontuak dira. Biluztu egiten naiz. Ezer gordetzeko asmorik ezta beldurrik ez dudan etapara heldu naiz. Horixe da nire ustez, entzulegoarekin konektatzeko erarik handiena.

Jendaurrean biluzteko ausardia ere beharko da.
Hirugarren kontzertua eman ostean, ez nintzen segitzeko gai ikusten. Laugarren edo bosgarren kontzertuan ez dakit zer gertatu zen, ikuskera aldatu eta ausardia hori etorri zitzaidan. Oholtza gainean egon nahi nuen konfirmazio bortitz bat izan zen. Beldurra beti egoten da halako proiektu bat defendatzeko garaian, baina oso gustura sentitzen naiz egiten dudanarekin. 

Zure izena oso lotua dago Hira taldeari. Erraza al da, proiektu hartatik bereiztea, bakarko ibilbide honetan?
Oso harro nago egindako lan guztiaz. Hirak etapa oso polit bat bizi izan zuen, heavya euskaraz eginez eta jarraitzaile asko izan genituen. Arrastoa hor geratzen da eta hor egon behar du. Nire zigilu pertsonala nire ahotsean dago eta ahotsaren zigilua hor geratzen da. Askok esaten dute oraindik heavy puntu bat nabaritzen dela melodietan eta ni gustura horrekin. Ez dut deslotu nahi. Diskoko izenburua ere bat dator erabat proiektuarekin, prozesu bat irudikatu nahi du, orain arteko ibilbidea eta bidean jarraitzen dudan musikaria naizela, konstantziaren indarra. 

Bi artiston konbinazioa nolakoa izango da Sutegin?
Etxe rock-a jorratzen duen musikari umila da, benetako egia islatzen duen norbait. Eta hori eskertzen da entzulego bezala. Rock organikoz eta zintzotasunez beteriko gaua izango da. 

Etxe: “Beti amestutako diskoa kaleratzea lortu dut”
Kontzertu hau eskaintzeko asmoa?
Etxe: 
Aspaldiko lagunak gara Ibai eta biok. Nik Nabarin jotzen nuenean eta Ibaik Hiran Nabariren maketan kolaboratu zuen. 2003an, emanaldi batzuk elkarrekin egin genituen. Gero bakoitzak bere bakarkako bidea egin dugu. Bion arteko harreman onetik eta estilo antzeko samarretik sortu da kontzertuok batera emateko ideia.

Nola doa bira partekatua?
Berrizko Gaztetxean egin genuen kontzertu bat. Oso berezia izan zen, lehen aldiz elkarrekin bertan jo baikenuen, Nabarik eta Hirak. Tolosako Bonberenean ere egon ginen, ziurrenik kontzertu gehiago aterako dira, talde bien artean oso harreman ona baitago.

“Supernova” autofinantzaturiko lan berriarekin zatoz. 
Disko desberdin bat egiteko gogoa nuen. Ekoizle batekin egin dudan lehen diskoa izan da, beti amestutako diskoa kaleratzea lortu dut. Beti entzun nahi izan ditudan kantuak formatu horretan egitea nahi nuen ekoizle baten bidez. Inguruan ditudan musikariak ikaragarriak dira. 

Lan borobilena?
Bai, ekoizpen aldetik beste profesionaltasuna du. Ekoizle baten papera disko batean oso garrantzitsua da eta orain arte ez dut horrelakorik izan. Azken disko honetan horrela egin dut lan eta emaitza hobeagoa da.

7 abesti. Bertsio ezagun bat tartean.
Sortu nuen lehen kantua “arma tiro pum” izan zen. Ni musikari izatearen errudunak omendu nahi nituen, euskal musikagintzako sortzaile, musikariak... Euskal talde pila bateko abestien esaldiak hartu eta collage moduko batekin musika munduan dugun panoramana salatu nahi nuen. Bertsioa, oso kantu berezia da, beti miretsi izan dudan Rosario Floresen “zein ederra”. Literalki euskaratu nuen. Izugarrizko magia du abestiak. Rosarioriren managerrari baimena eskatu nion. Portugaleteko bere kontzertuan pertsonalki ezagutzeko aukera izan neuen, ederra da horrelako artista handi baten oniritiza izatea. Bideoklipak ere arraksta izan du. Pozik halako kantu bat moldatu izanaz.

Ez da Usurbila zatozen lehena ldia.
Usurbilen egonda nago bakarkako proiektu honekin duela urte batzuk jaietan. Trikizio eta Boston Jairekin aritu naizenean, Boston Jairekin bertan egona naiz. Usurbilen izan zen nire azkeneko kontzertua erromeria batean. Nire lehenengo managerrra Unai Zubiaur usurbildarra izan zen. Herri horretan egon naizen guztietan jendearen erantzuna oso ona izan da. Espero dut oraingoan ere aspaldiko ezagun batzuk gerturatzea.

Zurekin Ibai Marin arituko da.
Berea, rock and roll amerikarraren kutsu izugarria duen proiektua da, Ibairen ahotsa ikaragarria da, musikari bikainak ditu. Zuzenekoan indarra duen proiektu bat, benetan gozatzekoa. Entzuleari animatzen diot garai zail hauetan kontzertura etortzea. Benetan rock gau polita izango da. Dugun guztia emango dugu eskenatokian beti bezala. Let´s rock the night!