Maule eta Urdiñarbeko Euskal Herria Kantuz Egunera txangoa ekainaren 15ean, Kantu Taldearen eskutik

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 5a, 09:28

Usurbilgo Maskarada Egunean xiberotarrak gure artera etorri bezperan, usurbildarrak izango dituzte bisitan Maule eta Urdiñarbe aldean ospatuko duten Euskal Herria Kantuz egunean. Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak egunpasa antolatu du ekainaren 15ean, Euskal Herri osoko kantuzaleak bilduko dituen jaialdira.

Azken urteotako hitzorduari hutsik ez diote egingo aurten ere. Usurbilgo Euskal Kantu Taldea, Euskal Herria Kantuz elkarteak eta Xiberoko Kantuzaleen Biltzarrak ekainaren 15ean Zuberoan, Maule-Urdiñarben antolatu duten Euskal Herria Kantuz Egunera joateko irteera prestatzen ari da. Autobus zerbitzua antolatu dute Usurbildik; 8:30etan abiatuko da Oiardo Kiroldegi ataritik. Egunpasa joan asmo duenak Kantu Taldeko kideren batekin hartuemanetan jar dadila. Gogoan izan, astelehenero biltzen da Euskal Kantu Taldea 18:00-19:00 artean Agerialdeko musika gelan.

Euskal Herria Kantuz Egunean, Euskal Herriko osoko kantu taldeak elkartuko dira. Kantujira ospatuko dute goizean Maulen, herri bazkaria eta bazkalosteko dantza eta kantu saioa Urdiñarben.

Kantu Taldea Maskaradan
Biharamunean, ekainaren 16an Usurbilen ospatuko dugun Maskarada Egunez ere kantu-jiran irtengo dira Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoak. Goizean zehar ospatuko den kalejiran, "ibilbide osoan Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoek eta herriko txorrotxek ere bertsoak abestuko dituzte" iragarri du antolakuntzak.

Musikaren Egunera, dantzara
Lehenago, asteburuan Orbeldi Dantza Taldekoak, azken urteotako ohitura biziberrituz, Urdiñarbeko Musikaren Egunean parte hartuko dute. “Azken aldiz antolatuko dute Urdiñarben, eta parte hartzera gonbidatu gaituzte. Bertan izango gara dantzan. Hango dantzariekin harremana sortu dugu”.