Eguzkik gabeziak antzeman ditu airearen kalitatea neurtzeko estazioetan

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 5a, 13:21

Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren buelta honetan eta aurreko astean Hernanin izandako matxuraren ondotik, airearen kalitatea neurtzeko inguruko herriotan ditugun estazioek gabezia nabarmenak dituztela ohartarazi du Eguzki Euskal Herriko talde ekologista eta antinuklearrak. Eta Zubietako erraustegia martxan jartzekotan diren honetan, "estazio horiek askoz hobeto ekipatuta egon beharko luketela" irizten diote.

Aurreko aste hasieran gertatu zen matxura, Hernaniko anbulategi ondoan dagoen airearen kalitatea neurtzeko estazioan, "alarma guztiak piztu zituen joan den astean, 1.336 mikrogramo sufre dioxido (SO2) neurtzera iritsi zelako". Ez zen isuri kimikorik gertatu, estazioa matxuratua zegoen. Eguzkik salaketa aurkeztu eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari azalpenak eskatu zizkion. Kezkagarritzat jotzen du "Jaurlaritzak erreakzionatzeko erakutsi duen gaitasun eskasa. Azalpenak ere propio eskatu egin behar izan zaizkio". Diotenez, "lau ordu kostatu zitzaien neurgailua ez zebilela ondo atzematzea. Tarte horretan benetako istripu bat gertatu izan balitz?". 

Egoera hau Hernaniko eta beste herrietako airearen kalitatea neurtzeko jarriak dauden estazioak errepasatzeko baliatu du Eguzkik. Ondorio argi batera heldu dira: "Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saila, Gipuzkoako zenbait eskualdetan behintzat, ez da behar bezala zaintzen ari arnasten dugun airearen kalitatea". Eguzkik salatu duenez, "gabezia batzuk aurkitu ditugu, baita nolabaiteko utzikeria ere". Gipuzkoan guztira airearen kalitatea neurtzeko 18 estazio daude. Gogoan izan, estaziootako bat Zubietan kokatua dago errebote plazatik hurbil. Bestea, Usurbilen, Udarregi Ikastolaren Agerialde eraikinaren ondoan. 

Eguzkik ohartarazi duenez, "Usurbilgo eta Lasarte-Oriako estazioetan ere gabeziak aurkitu ditugu. Ez dute neurtzen ez PM 2,5, ez ozono, ez CO, ez CO2… Zenbaitetan ezta SO2 ere". 

Kezkagarritzat jotzen du Eguzkik egoera hau, hain zuzen, Zubietako erraustegia martxan jartzekotan diren honetan. "Honek herritarren artean (arrazoi osoz, gainera) sortzen duen kezka ikusita, uste dugu estazio horiek askoz hobeto ekipatuta egon beharko luketela. Gogora dezagun, bide batez, erraustegiaren kutsadura etengabe eta zorrotz kontrolatuko dutela agindu digutela. Bada, Hernaniko kasuak agerian utzi du gaur egungo kontrola, behintzat, ez dela ez etengabea, ez zorrotza".

Usurbilgo Udala: "Kabina horiek ez dute erraustegitik isurtzen dena zuzenean neurtuko"
Eusko Jaurlaritzaren eskariz, Foru Aldundiak jarritako kabinak dira aipaturikoak. 2017ko irailean jaso zuen Udalak erraustegia eraikitzeko lehen faseko obren esleipendun Ekohondakinek kabina instalatzeko baimen eskaera. Baina ingurumeneko udal teknikari Ibon Goikoetxeak Udalberri udal aldizkariari urte hasieran adierazi zionez, "kabina horiek ez dute erraustegitik isurtzen dena zuzenean neurtuko, baizik eta herrian arnasten den airearen kalitatea neurtuko dute eta EAEko airearen kalitatea kontrolatzeko sarearen parte izango dira".  

Udalak ordea, EAEko airearen kalitatea kontrolatzeko sarearen baitako hainbat estazioetan jada neurtzen diren parametro guztiak Usurbilgoak ere aztertzea ezinbestekotzat jotzen zuen. "Udalak halakorik eskatu izan ez balu, Usurbilen soilik Nox (Nitrogeno oxidoak) eta 10 mikrako material partikulatua baino ez ziren neurtuko". Udalak urte hasieran argitzen zuenez, "parametro horien iturri nagusia trafikoa izan ohi da eta, beraz, erraustegiagatik parametro hau soilik neurtzea ez zen nahikoa. 10 mikrako partikulak bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da, esate baterako, 2,5 mikrako partikulak neurtzea, geroz eta erreferentzia ugariago baitaude partikula txikiek osasunean duten eraginaz". 

Udalak aurreikusi duenez, ikastola ondoan kokatua duten estazioak BTEX edo petroleoaren deribatuetatik eratorritako konposatuak, 2,5 mikrako material partikulatu txikia eta sufre dioxidoa ere neurtuko ditu. "Arnasten den airearen parametro guztiak ezagutzea ezinezkoa bada ere, behintzat, araututa dauden airearen parametroak ezagutuko dira Usurbilen".  

Esteka honetan klikatuta egin dezakezue, Zubietako eta Usurbilgo estazioen nahiz EAE-n diren gainerakoen zuzeneko jarraipena: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-aa17a/eu/aa17aCalidadAireWar/estacion/mapa?locale=eu