Zirimara taldekoen ikasturte amaierako gogoeta festa gaur

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 6a, 07:30

Eskolaz kanpoko aisialdi eskaintza eraberritzen ari den Zirimara egitasmoak bere lehen ikasturtea egina du. Udarregi Ikastolak, Usurbilgo Udalak eta NOAUA! K.E.-k sustatutako proiektuak ostegun honetan borobilduko du denboraldia agur festa eta hausnarketa saioekin. Biharamunean, ekainaren 7an zabalduko dute 2019-20 ikasturterako matrikulazio epea.

Ikasturtea agurtzeko amaiera festa eta balorazio saioa antolatu du Zirimara taldeak ekainaren 6an (osteguna). Hasteko, 18:00etan frontoian jolas erraldoia, gurasoak ere parte hartzera anima daitezke. Segidan Sutegin, haur eta guraso kopuru handia ikusita, bi txandatan zatituko den balorazio eta gogoeta saioak programatu dituzte. 

18:45ean HH5, LH1-2ko gurasoekin eta LH3-4 haur eta gurasoentzako argazki emanaldia. 19:15ean LH1-2ko haur eta gurasoentzako argazki emanaldia eta LH3,4,5eko gurasoekin balorazio eta gogoeta saioa. Argazki emanaldiei begira, “bi adin tarteetako seme-alabak baldin badituzue, txanda bat aukera ezazue guztiekin batera egon ahal izateko”. Gogoeta saioak gurasoei soilik zuzenduak izango dira. “HH5 eta LH5ekoak ere gonbidatuak zaudete. Anima zaitezte zuen kezkak, interesak eta beharrak gurekin partekatzera. Guztion artean eskola kiroleko programa hobetuko dugu!”.

Ikasturte berrira begirako izen ematea ekainaren 7tik 14ra atzeratu du Zirimarak, hilaren 6an “elkarrekin gogoeta egin eta hurrengo ikasturteko programazio eta antolaketaren inguruko informazioa argi uztea da helburua”.

Inklusioa, garapen integrala, euskara, kiroletako sarbidea, aisialdirako sarbidea, integrazioa, kulturartekotasuna, parekidetasuna ditu helburu Zirimarak. Hemen Zirimararen eskaintzaren berri zehatzago:

LH 1-4
Zirimara: 
Edukiak: psikomotrizitatea, kaleko jolasak, jolasak naturan, autokudeatutako jolasak, gorputz adierazpena, kooperazio jolasak, aurre-kirolak.
Ordutegia: 16:30-18:30. Astearteetan LH 1-2; ostegunetan LH 3-4. Astearte eta ostegunetan LH 1-4.

LH 5-6
Adin tarte honetarako eskaintza hau sustatu nahi da:
-Ostegunetan 16:30-18:30 artean, Zirimara: gorputz adierazpena, autokudeatutako jarduerak, malabarrak, skate, patinajea, bizikleta, eskalada, boleibola, eskubaloia, badminton, pala.
-Astelehen eta ostegunetan, 16:30-18:30 artean: Zirimara+futbola-eskubaloia.
-Astelehenetan 16:30-18:30 artean: futbola-eskubaloia, lau hilabete kirol jarduera bakoitzean.

IKASTURTE AMAIERA
Ekainak 6, osteguna

18:00 Jolas erraldoia gaztetxo eta gurasoentzat frontoian.
18:45 Sutegin: 
HH5, LH1 eta LH2ko gurasoekin balorazio eta gogoeta saioa.
LH3 eta LH4 haur eta gurasoentzako argazki emanaldia.
19:15 Sutegin:
LH1 eta LH2ko haur eta gurasoentzako argazki emanaldia.
LH3, LH4 eta LH5 gurasoekin balorazio eta gogoeta saioa.

Zirimararen sustatzaileak: Udarregi Ikastola, Usurbilgo Udala eta NOAUA! K.E.