Uxue Trail, Usurbilgo Lehen Mendi Lasterketa solidarioa uztailaren 6an

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 6a, 11:12

Mendi Lasterketa ospatuko da estreinakoz Usurbilen. Uztailaren 6an Andatza inguruak zeharkatuko dituen proba herrikoiari Uxue Trail izena jarri dio antolakuntzak, Phelan-McDermid Sindromea duen Uxue Martin gaztetxoaren aldeko ekimen solidarioa izango baita. Izen ematea zabalik dago jada.

Phelan-McDermid Sindromea ezagutarazi eta gizartea gaixotasun honekiko sentsibilizatzea da lasterketaren helburu nagusia. "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa ezagutarazteko antolatu dugu Andatza mendian zehar ibiliko den mendi lasterketa hau", berri eman du antolakuntzak. Gaixotasun honi buruzko informazio gehiago, hemen: 22q13.org.es 

Ohartarazi dutenez ordea, "sindromearen ikerketarako ere ahalik eta laguntza gehiena eman nahiko genuke". Laguntzeko bide ezberdinak izango ditugu; batetik, Uxue Trail proban izena eman eta lasterketan parte hartzea uztailaren 6an. Bi distantzietako proba, proba motza edo luzea egin ahalko da. Lasterka aritu nahi baina ezin duenak, badu elkartasuna adierazteko beste modu bat ere; dortsal solidarioa eskuratzea. Alegia, nahiz eta lasterketan ez parte hartu, aipatu sindromearen ikerketara bideratuko den diru ekarpena egin daiteke. Guztia, kronoak.com atariaren bidez.

UXUE TRAIL
Eguna: uztailak 6, larunbata.
Abiatzeko hitzordua: 9:00etan, Usurbilgo frontoitik.
Bi proba aukeran: 
-Luzea: 20 km. Prezioa: 20 euro.
-Motza: 11 km. Prezioa: 15 euro.
-Dortsal solidarioa. Donazioa.
Izen ematea: kronoak.com atarian, uztailaren 5eko gaueko 22:00ak arte.
Oharra: oparien zozketa lasterketa amaieran, parte-hartzaile guztien artean.