UEU, Jakin eta Udalaren uztaileko jardunaldietarako taldea osatu dute, itxaron zerrenda sortu dute

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 6a, 09:47

UEU-k ohartarazi duenez, 47. udako ikastaroen baitan, Usurbilen uztailaren 11n eta 12an antolatu dituzten "Maitasuna politikoa da" izenburupeko Jakin Jardunaldietarako taldea bete da. "Itxaron zerrenda sortu dugu, parte hartzeko interesa baduzu, eman izena baina ez egin ordainketarik". 

“Maitasuna politikoa da. Maitasunaren ideologiak geure buruak, geure harremanak eta geure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen" izeneko UEU-ren 47. udako ikastaroen baitako Usurbilgo Jakin Jardunaldiek arlo ezberdinetako adituak batuko dituzte uztailaren 11n eta 12an Usurbilen. Mari Luz Esteban, Lorea Agirre, Oihane Ruiz, Leire Milikua, Nora Salbotx, Ula Iruretagoiena eta Jone Miner, besteak beste. 

"Maitasunaren ideologiak gure buruak, gure harremanak eta gure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen aztertuko du aurtengo Jakin Jardunaldiak". Horretarako, antropologoak, arkitektoak eta hezkuntza arloko adituak ekarriko dituzte Artzabal baserrira. Jakin, UEU eta Usurbilgo Udalaren elkarlanaren emaitza da topakela. Informazio gehiagorako: ueu.eus

"Usurbil, gogoeta pausatuaren topaleku"
Jardunaldi hauek hirugarrenez antolatu dira Usurbilen. Xabier Arregi alkateak ekimenaren garrantzia azpimarratu zuen duela aste gutxi egin zuten aurkezpen agerraldian: "Usurbil hitzaren eta gogoeta pausatuaren topaleku izan dadin nahi dugu".

Iritzi berekoa da Kepa Sarasola, UEUko zuzendaria: "UEUren zereginen artean dago topaguneak eskaintzea: ezagutza eta euskara zabaltzeko, hausnartzeko eta eztabaidarako. Udako Ikastaroak helburu horiek guztiak bideratzeko toki ezin aproposagoak dira, bai eta elkarlana sustatzeko ere".


47. UDAKO IKASTAROAK: JAKIN JARDUNALDIAK
Jardunaldi egunak: uztailak 11-12.
Tokia: Artzabal.
Ordutegia: uztailaren 11n (osteguna), 9:00-17:00 artean; uztailaren 12an (ostirala), 9:00-14:00 artean.
Ordu kopurua: 10 ordu.
Matrikula prezioa: 10 euro.
Matrikulazio epea: maiatzaren 13tik uztailaren 9ra.
Zehaztasunak: "Maitasuna politikoa da ideologia bat delako eta bizikera eta bizileku eredu jakin batzuk eraikitzen dituelako. Maitasuna ulertzeko dugun moduak gizarte harreman eta gizarte antolamendu jakin batzuk eratzen ditu eta horiek berekin dituzte botere harremanak eta menderakuntza moduak. Harremanen arkitektura horrek guztiak bere hirigintza eta bere arkitektura ditu. Ikus dezagun nolakoa den maitasunaren ideologiaren eraikuntza eta sortzen duen arkitektura. Eta saia gaitezen ikusten ea maitasuna beste modu batez ulertzeak bizikera eta bizileku bizigarriagoak eta berdinzaleagoak eraikitzea ekar lezakeen".
Informazio gehiago eta matrikulazioa bideratzeko: ueu.eus

Antolatzaileak: UEU, Jakin eta Usurbilgo Udala.


EGITARAUA

UZTAILAK 11, osteguna
08:30-09:00 Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:15-09:30 Ongietorria
09:30-10:15 Lorea Agirre Dorronsoro: Maitasunaren ideologiaren eraikuntzak eta deseraikuntzak
10:15-11:00 Oihane Ruiz Menéndez: Maitasunaren ideologia eta hirigintzaren arteko lotuneak
11:00-11:30 Kafe tartea
11:30-12:15 Leire Milikua Larramendi: Arkitektura, desira eta sexualitatea
12:15-13:00 Saio irekia
13:00-15:00 Bazkaria
15:00-17:00 Esperientzien plaza: Elizondo, Bakio, Usurbil

  • Nora Salbotx Alegria: Umeak herriak eraikitzen (Elizondo)
  • Ula Iruretagoiena Busturia: Transbertsalitatea eta afektoak udalerri plangintzan (Bakio)
  • Jone Miner Aginaga: Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa (Usurbil)


UZTAILAK 12, ostirala
09:00-09:45 Mari Luz Esteban Galarza: Maitasuna erdigunetik kanpo
09:45-10:30 Abaraska kolektiboa: Etxebizitza eredua auzitan jartzen (Donostia)
10:30-12:00 Tailerra eta kafea: Etxebizitza parekidea eta kooperatiboa nola eta nondik?
12:00-13:00 Partekatzeko saioa
13:00-13:30 Bea Egizabal Ollokiegi: Klownklusioak.