Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen osteaz ariko dira Usurbilgo EHBilduk datorren astearterako (ekainak 11) 19:00etan Potxoenean deitu duen bilera irekian. Azken bozketa egunaren inguruko balantzea egingo da saio horretan. Horrekin batera, datorren 2019-2023 legealdira begira jarriko dira bertan bildutakoak. Udal osaketa berria izango dute hizpide, baita koalizioa bera ere.
Gogoan izan, udalbatza berria ekainaren 15ean, larunbat eguerdi partean osatuko da. Usurbilgo Udaleko pleno aretoan ospatuko den ekitaldian hartuko dituzte karguak, azken hauteskundeetan, herritarren bozkei esker 2019-23 legealdi berrirako hautatuak izan diren alkate eta zinegotziek. 13 udal ordezkariek osatuko dute udalbatza, orain arte bezala. Haietatik 8 EHBildukoak izango dira: Agurtzane Solaberrieta Mesa (alkate berria), Beñat Larrañaga Urdanpilleta, Lur Etxeberria Gurrutxaga, Joxe Mari Iribar Zapirain, Aroa Etxeburua Ugartemendia, Luken Arkarazo Silva, Oxkar Santamaria Pikabea eta Itziar Basterrika Unanue.