"Ni itotzen saiatu bitartean, garrasika hasi zitzaidan: hil, suntsitu, lehertu egingo ninduela"

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 7a, 10:15

Lekukotza latza eman du ezagutzera Medea talde transfeministak. Maiatzaren 23an, taldeko kide batek Aritzetako gasolindegian jasandako eraso bortitza. Medeak-ek ohar bidez eta lekukotza hau plazaratzearekin batera adierazi duenez, "gure kide feminista batek jasandako eraso sexuala eta transfoboa salatu nahi dugu" eta enrasaren ostean, "bizi beharreko prozesu judizial gogorra".

Medeak-en esanetan, talde kideetako batek maiatzaren 23an Aritzetako gasolindegian "arrazoi lesbofobo eta transboboek bultzatuta, eraso fisiko larria jasan zuen gizon baten eskuetan". 

Eraso honen aurrean salaketa bikoitza egin du Medeak-ek. Eraso sexual eta transfoboa salatzearekin batera, "ondoren bizi beharreko prozesu judizial gogorra ere salatu nahi dugu". 

Justizia feminista epaitegietan lortu ezin litekeela argi dutela adierazita, erasoaren lekukotza plazaratu dute osorik. Segidan duzue. 

"Gorrotoan, matxismoan eta transfobian oinarritutako jarrera eta pentsamolde hauek onartezinak dira, eta guk feministok eta transmaribollerak aurre egingo diegu, ez gara isilduko, ez gara geldi geratuko!! Jarrera matxista transfobo hauek emakumeonganako eta binarismotik at dauden pertsonenganako gorrotoa sustatzen dute eta feministok honen aurrean askatasunaren eta bizitzaren aldeko borrokarekin erantzungo diegu. Zuen gorrotoaren aurrean gure askatasunaren eta bizitzaren aldeko borroka transfeministan jarraituko dugu", iragarri dute.

Sare sozialen bidez eskerrak helarazi dituzte egunotan jasotako babesagatik. "Mila esker benetan egun hauetan jasotzen ari garen babes mezu guztiengatik. Erasoen aurrean elkartasun feministak indartzen gaitu!".


Medeak taldeak ezagutzera emandako lekukotza osorik
Maiatzaren 23an, lanetik etxera bidean nentorren, Bilbotik Donostiara bidean. Arratsaldeko 15ak ziren. Irratiari adi, hauteskundeei buruz hausnartzen nenbilen. Atzetik auto bat zetorkidan, pega-pega eginda. Ez nuen ezer txarrik susmatu. Ni aurreratzen saiatu zen, baina azkenean ez zuen egin, eta ikusi nuen zerbait arraroa egiten zebilela. Europako hauteskundeekin bueltaka jarraitu nuen, eta Aritzetako gasolindegian sartu nintzen, gasolinaren argitxoa piztu zitzaidalako. Beste kotxea ere atzetik etorri zitzaidan, baina ez nuen pentsatu nirekin arazorik zeukanik. Baina, hornigailuaren parean geratu, eta ezertaz jabetu orduko, hantxe neukan beste autoko gidaria, 1.80 metroko gizon bat, nire atean. Uste dut azkar asko konturatuko zela ni askoz txikiagoa nintzela: 1,56 metro eta 50 kg. Baina, itxuraz, hari bost axola zitzaion.

Konturatu orduko, kotxeko atea ireki zuen, lepotik heldu eta gidariaren ondoko eserlekuan etzanarazi ninduen. Gainera salto egin zidan: pega-pega eginda neukan bere aurpegia, eta oinak, berriz, zintzilik neuzkan pilotuaren atetik, kotxetik kanpo. Ni itotzen saiatu bitartean, garrasika hasi zitzaidan: hil egingo ninduela, suntsitu egingo ninduela, lehertu egingo ninduela. Listua zerion eta aurpegira erortzen zitzaidan. Ez nuen tutik ulertzen. Erregu egin nion, ez jotzeko, eta ohartarazi nion hil egingo ninduela; orduan, lepoa askatu eta titiak heldu zizkidan, ito beharrean. Zanpatu egin zizkidan; ezin nuen mina jasan. Erregu egin nion, ezin nuen besterik egin, ez nintzen hura ukitzera atrebitzen. Besoak sartu nahi nituen beraren eta nire gorputzaren artean, bion aurpegiak apurtxo bat bada ere urruntzeko. Hiltzeko prestatu nintzen, eta pentsatu nuen orduko hartan baietz, morroi hark akabatu egingo ninduela.

Halako batean, emakume baten ahotsa entzun nuen, garrasika: “Ertzainari deitu diot!”. Tipoak askatu egin ninduen, eta kotxetik atera zen. Kostata altxatu, kotxetik ateratzera ausartu, eta zera galdetu nion: “Zer gertatu da?” Mehatxuka jarraitu zuen: hil egin nahi ninduela, lehertu egingo ninduela. Hatza atera omen nion. Harrituta, behin eta berriro esaten nion ez niola ezer egin, eta gehitu ahal izan nuen oso eraso bortitza egin zidala eta, hatz bat erakutsita ere, hori ez zela ezer. Garrasika jarraitu zuen, ezinezkoa zen harekin hitz egitea, eta esan nion salatu egingo nuela eta itxaron zezala polizia etorri arte; baina, orduan, autora sartu zen, alde egiteko prest. Xixko eginda nengoen, baina, ez dakit nola, indarrak bildu eta argazki bat atera nion autoaren matrikulari. Nire kautan, zera pentsatu nuen: “Oraingoan bai, hau salatu beharra daukat”.

Argazkia egin niola ikustean bere onetik atera zen: autotik atera, nigana etorri, nire autoaren matrikulari argazki bat egin, eta berriro sartu zen berera, alde egiteko prest. Beldurrak jota, erreakzionatu egin nuen, eta galdetu nion zertarako behar ote zuen nire matrikula, ezagutzen ote ninduen eta hark guztiak politikarekin zerikusirik ote zuen. Mobila atera eta grabatzen hasi nintzen, baina, konturatu gabe, grabaketa eten nuen. Mobilarekin grabatzen ari nintzela pentsatuta, han ikusi nuen tipoa nire gainera etortzen; geldirik nengoen, eta hark, bitartean, mehatxu egin zidan berriro: hil egingo ninduela eta lehertu egingo ninduela, bere aurpegia nireari pega eginda. Gasolindegiko emakumeak telefonoan jarraitzen zuen. Gizonari listua zerion berriro, amorruak itsututa. Garrasi egiten zidan bitartean, hitzei heltzea lortu nuen, eta zera esan nion: “nahi adina jo, salatu egingo zaitut, itxaron ertzainak etorri arte, berehala iritsiko dira-eta”. Gizonak ihes egin zuen.

Kontakizunarekin jarraitu aurretik, esan beharra daukat ohituta nagoela egunerokoan bortizkeria maila oso altu bat jasotzera. Bollera eta transgeneroa naizenez, indarkeria izugarria bizi izan dut. Argi ikusten dut nire gorputzak berak zer-nolako amorrua, nazka, higuina eta hiltzeko gogoa pizten dien gizon askori. Nolanahi ere, ez nuen sekula halakorik bizi izan, ez nuen sekula halako eraso bortitzik, mespretxu sexualik eta bizitza galtzeko beldurrik bizi izan.

Lurrera erori nintzen, jota, eta negarrez hasi nintzen. Ertzainak iritsi ziren, ordurako amarekin hitz egiteko aukera eduki nuen. Ertzainak iritsi ziren lehenik, familia ondoren. Inguruan nituen ama, osaba eta bi ahizpak. Zortekoa ni, ez dut irudikatu nahi nolakoa izan behar duen halako gauza bat bizi eta zure familia milaka kilometrora egotea eta hiritarrei dagozkien eskubideak ez aitortzea. Nire ahizpek hartu zuten lema. Lehen eztabaida: sexu-erasoa al da? Nire ahizpak argi zeukan, eta telefono deiak egiteari ekin zion. Ondo baino hobeto zekien zer egin behar genuen. Ertzaintzak bazekien kontu grabea izan zela: gasolindegiko bideo-kamerako bideoak ikusi eta presaka atera ziren gizona identifikatzera. Anbulantzia bat eskatu zuten, baina anbulantziak ezin zuen txosten juridikorik ez atestaturik egin. Bularrak erakutsi behar izan nizkien, eta hala egin bitartean, esan zidaten ez zuela ezertarako balio. Ez nuen arreta psikologikorik jaso inongo momentutan.

Handik atera eta Donostiako larrialdietara jo genuen. Gizon atsegin batek lesioen txostena egin zuen. Ezkerreko titia hautsita neukan, tipoak txiki-txiki egin zuen: gorrituta zegoen, harramazkaz beteta, eta ubeldura bat egin zidan, oraindik desagertu ez dena. Mina neukan lepoan, kontraktura bat, eta, batez ere, irainduta sentitzen nintzen; titiak zanpatu zizkidan. Bularraldea sutan neukan. Ez nuen ezertxo ere ulertzen.

Handik atera ginen, ezer jan gabe nengoen; Hernaniko komisaldegira joan behar omen genuen, salaketa ipintzera. Iritsi ginen, nik ezin nuen gidatu. Gaztigua egin ziguten: luze joko omen zuen. Alboan nituen nire senideak, nire adituak. Ertzainek argitu nahi zuten ea trafikoarekin loturiko eztabaida baten ondorio zen erasoa, ala eraso sexual bat. Lesbofobia eta transfobia ez dira sexu-erasoen kodean sartzen; eztabaida piztu zen. Ertzainak erasoen arteko aldeak azaldu zizkidan, nik azkenean hitza hartu eta esan nion argi neukala, eraso matxista bat zela hura. Ertzaina, tente jarri, eta esan zidan: “oso ondo, sexu-erasoa”. Nire ahizpek guardiako abokatu bati deitu nahi zioten, tematu ziren, eta lehen aldiz harekin hitz egin nuenean berehala lasaitu nintzen. Abokatuak esan zidan, bera iritsi arte, ez sinatzeko ezer, eta munduko aholkurik onena iruditu zitzaidan.

Abokatua berandutu egin zen, ez zuen aparkatzeko tokirik aurkitzen, baina azkenean komisaldegian bertan aparkatzen utz ziezaiotela lortu zuen. Iritsi eta bera ikuste hutsak lasaitu egin ninduen. Emakume bat zen eta ganoraz ziharduen. Nola tratatzen ninduen, nolako ahotsa zerabilen... itxuraz, bera zen gertatu berri zitzaidana ulertzen zuen administrazioko kide bakarra. Denborarik galdu gabe, aretoan sartu gintuen denok, aitorpena hartzen ari zitzaizkidan tokian. Abokatuak ordura arte idatzitakoa emateko eskatu zuen eta salaketa berrikusten hasi zen. Kontatzea tokatzen zitzaidan, kontaketa paperean biltzea. Salaketa taxutzen joan ginen apurka-apurka: benetan gertatu zenaren itxura zeukan. Zeregin luzea eta zaila izan zen. Gaueko 22ak ziren ordurako, komisaldegitik atera ginen. Biharamunean, epaiketa azkarra geneukan, sexu-erasoaren salaketagatik, eta ni konbentzituta nengoen: urruntze-agindu bat behar nuen. Beldurra hezur-muinetaraino sartuta neukan, inoiz ez bezala, gainera. Ohartzen nintzen ezin nintzela ibili, eta ahizpei eskatu nien besotik heltzeko. Hala iritsi ginen kotxera.

Maiatzak 24, goizeko 9ak. Nire abokatuak azaldu zidanez, egun hartan aitorpena hartuko zidaten eta ebatziko genuen ea urruntze-agindua lortuko nuen ala ez. Forentse batek artatu ninduen berriro, ez zidaten aitorpenik hartu. Epaileak ez zuen akusazioa onartu, nik uste ez zuela gasolindegiko bideoa ikusi. Eraso arina, horixe besterik ez zuen onartu. Baina nik argi bai argi neukan: hura ez zen arina izan.

Nire abokatuak bi errekurtso ipini zituen: bata, epailearen ebazpenari eta bestea, berriz, goragoko instantzia bati, sexu-erasoa berriro azter zezaten. Epaileak ez zuen errekurtsoa onartu baina fiskalak, ordea, mehatxuen kargua onartu zuen. Maiatzaren 29an egin genuen epaiketa. Ohartarazi zidaten akusatuak karguak onar zitzakeela. Hala balitz, eta nik onartuz gero, sexu-erasoari loturiko errekurtsoa kendu behar nuen. Negoziatu genuen, gizona prest zegoen kargu guztiak onartzeko: eraso arina eta mehatxuak. 150 euro ordaindu beharko zizkidan kalte-ordain moduan, eta urruntze-agindua onartu zuen. Urtebetez ezin izango zen nigana hurbildu, ez eta nire etxera eta nire lantokira ere. Nire abokatuari eskatu nion beste gauza bat mahai gainean jartzeko: tipoak barkamena eska ziezadan nahi nuen. Tipoak baietz.

Abokatu feminista batekin hitz egin nuen; esan zidan ez zidatela sexu-erasoa onartuko, ez zutela nirekiko sexu-grinarik errekonozituko. Transfobia eta lesbofobia ez dira sexu-erasotzat hartzen: tipo batek titiak txikitu zizkidan baina horrek ez omen dauka inongo kutsu sexualik. Tipoak adierazi zuenez, uste zuen ni gizona nintzela, baina ez dakit nola arraio tematu zen hainbeste nire titiekin pentsatu baldin bazuen gizon bat nintzela.

Barkamena eskatu zidan, onartu nuen, eta esan nion ezin zuela halakorik egin berriro. Sinetsi nion, ikasleek gezurra esaten didatenean sinesten diedan bezala. Hitza hartu eta fiskalari eta epaileari zuzentzeko baimena eman zidaten. Esan nien adierazi beharra neukala errekurtsoa kenduko nuela, instituzioek bigarren aldiz biktimizatu nindutelako; ondotxo nekiela ez zutela hura sexu-erasotzat hartuko, baina nik argi asko neukala horixe zela. Zera esan nien: prozesu osoan ez zutela erasoak nigan izandako eragin emozionala kontuan hartu, erasoa bera bezain mingarria izan zela salaketa-prozesua, eta ezin nuela imajinatu bortxaketa bat salatu eta erasoak banan-banan azaldu beharra. Nire hitzak onartu zituzten, nahiz eta biek ukatu zuten sexu-erasoa. Alde egin nuen.

Ez zait iruditzen, inondik ere ez, herri honetako justizia gai denik indarkeria matxista bere osotasunean ulertzeko eta kudeatzeko. Instituzioek lan egin behar lukete halakorik ez gertatzeko, biktimak zaindu behar lituzkete,eta aitorpenak erraztu, teknologia azkarren bidez –bideoak, grabaketak–. Biktimek adituen eta psikologoen laguntza jaso behar luketesexu-eraso bat salatzeak dakarren prozesu kafkiarrari ekin aurretik. Badira 15 urte genero-indarkeriaren aurkako lege integral bat onartu zela: hutsuneak ditu, bai, baina, gaur egun, ez dira bertan bildutako baliabide guztiak martxan jartzen; ez dago koordinaziorik, ez prestakuntzarik, ezta zorroztasun enpirikorik ere, eta, ondorioz, salaketa-prozesua tortura bihurtzen da. Hori, gainera, onenean jarrita; argi baitaukat nirekin egon ziren guzti-guztiek txukun bete zutela beren lana: ertzainek, osasun-zentroko langileek, anbulantziako beharginek... denek. Ardura ez dagokio haiei. Ez, ardura beste gauza batzuei dagokie: martxan egon behar luketen eta martxan ez dauden mekanismoei. Euskal Herriko Mugimendu Feministak behin eta berriro salatu du egoera eta sistemaren maltzurkeria. Nazkatuta gaude.

Oraingo honetan, bada alde bat: gutako bati egokitu zaio infernu hau pasatzea, eta, horregatik, aurpegia eman behar dugu. Borrokan jarraituko dugu, gure ahizpen alde: ikusaraziko dugu zer zeharkakoa eta gogorra den indarkeria matxista. Eta bai, egiturak aldatuko ditugu, eta jo eta bertan deuseztatuko dugu gure bizitzak indarkeria fisikoz, psikologikoz eta sinbolikoz betetzen dituen eta gure bizitzak bizigarri egiten ez dituen sistema hau.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiot gasolindegiko emakume ausartari: izan ere, handik korrika atera eta poliziari deitu ziola garrasi eginez, bizitza salbatu zidan. Eskerrak eman nahi dizkiot nire abokatuari, nire familiari eta nire taldeari, haiek gabe ezin izango bainiokeen tortura honi aurre egin. Erasoen aurrean, beste behin ere, emakumeok gara gakoa: elkartasun feminista, emakumeen arteko ahizpatasuna eta hainbat urtetan landu ditugun ezagutzak eta praktikak. Horiei esker eusten diogu sano, egunez egun zanpatzen gaituen sistema baten aurrean.