Maiatzaren 23an Aritzetako gasolindegian izandako eraso sexista eta transfoboa salatu du Usurbilgo Udalak

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 7a, 10:27

Medeak talde transfeministako kide batek maiatzaren 23an Aritzetako gasolindegian izandako eraso sexista eta transfoboa salatu du ohar bidez Usurbilgo Udalak. Erasotuari elkartasun osoa adierazi dio.

"Usurbilgo Udalak ozen salatu nahi du erasoa, eta transfobiaren eta lesbofobiaren aurkako borrokarekiko bere konpromisoa nabarmendu. Zentzu horretan, bat egiten du Medeak-ek kaleratutako agiriarekin". Segidan duzue Medeak taldearen agiria osorik.

Eraso sexual, transfobo eta lesbofoboa Medeakeko kide bati
Ohar honen bitartez gure kide feminista batek jasandako eraso sexuala eta transfoboa salatu nahi dugu.

Maiatzaren 23an, gure kideak Donostiatik gertu gasolindegi batean zegoela, arrazoi lesbofobo eta transboboek bultzatuta, eraso fisiko larria jasan zuen gizon baten eskuetan.

Kideak, gasolindegiko langile baten laguntzaz, erasoa gelditzea lortu zuen arren, ondoren justizia patriarkalaren prozesu biktimizatzaile bikoitza ere jasan behar izan zuen; besteak beste, bizitakoa eraso sexual edo gorroto-delitu bezala ez prozesatzearena.

Idatzi honekin, erasoa ez ezik, ondoren bizi beharreko prozesu judizial gogorra ere salatu nahi dugu, beraz.

Hala, erasoa pasatu da eta ez gara isilduko horrelako jarreren aurrean, horregatik, justizia feminista epaitegietan ez dugula lortuko argi izanda, erasoaren testigantza jaso dugu (hemen). Gorrotoan, matxismoan eta transfobian oinarritutako jarrera eta pentsamolde hauek onartezinak dira, eta guk feministok eta transmaribollerak aurre egingo diegu, ez gara isilduko, ez gara geldi geratuko!!

Jarrera matxista transfobo hauek emakumeonganako eta binarismotik at dauden pertsonenganako gorrotoa sustatzen dute eta feministok honen aurrean askatasunaren eta bizitzaren aldeko borrokarekin erantzungo diegu.

Zuen gorrotoaren aurrean gure askatasunaren eta bizitzaren aldeko borroka transfeministan jarraituko dugu.

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!

GORA AUTODEFENTSA FEMINISTA!

GORA BORROKA FEMINISTA!