Udajolasen guraso bilera 17:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 13a, 07:49

NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak uztailaren 3tik 30era antolaturiko Udajolas ekimeneko izen ematea bideratu ostean, apuntatu direnentzat behar beste argibide jasotzeko hitzordua badatorkigu, guraso bilera alegia. Ostegunean (ekainak 13) 17:00etan Sutegiko auditorioan.

Gogoan izan, maiatzean bideratu genuen izen emate epearen baitan 4-12 urte arteko 177 haur eta gaztetxok eman zuten izena Usurbilgo jaiak amaitu eta biharamunean abiatuko den Udajolaserako. Uztailaren 3tik 30era luzatuko da udaleku irekien ekimena, astelehenetik ostiralera, goizez eta lau orduz; 9:30-13:30 artean. 

Osteguneko bilera, izena eman duten haurren gurasoei zuzendua dago. Bertan Udajolasi buruzko xehetasunak eskainiko dira. Zalantzak argitzeko aukera izango da baita, lan taldea ezagutzearekin batera.

"Irriak plazan"
Udaleku irekiak abiatu aurretik, eta oporren atarian NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Plis Plas Txalo ta Jolas ekimenaren baitako haurren ikuskizuna. Irrien Lagunak itzuliko dira ekainaren 18an 17:30etan Usurbilgo frontoira, "Irriak Plazan" emanaldiarekin. "Herriko plazetan beti dago irriak eragiten dituen sorpresaren bat. Zer aurkituko ote dute Tiritatxok eta Martinbertsok zuen herriko plazan? Euskara eta euskal ondarea landuko dituen ikuskizun parte hartzailea".