Film proiekzioa, gaurko pintxo pote amaieran

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 13a, 08:42

Martxoaren 8ko greba feminista deitu zuen emakume taldeak ekimen gehiago antolatzen segitzen du. Azken aldian, pintxo pote egunak borobiltzeko film proiekzio feministak. Ekainaren 13rako, "La chica danesa" transexualitatearen gaia jorratzen duen ikus-entzunezkoa iragarri dute 21:00ak aldera Usurbilgo frontoian.

"Einar Wegener margolaria emakume sentitzen dela jabetzen da. Historiako lehen sexu-aldaketa kasuan bilakatuko da bere emaztearen babes eta laguntzaz. Einarren genero identitatearen aurkikuntzara bideraturiko bikote baten benetako maitasun istorioa", dakar "La chica danesa" filmak.

“Denok daukagu zer esana feminismoaren inguruan”
Martxoaren 8aren ondotik, herriko hainbat emakumek bilera irekiak egin dituzte ordukoa baloratu eta bide horri jarraiki pausu berriak emateko. Asteotarako film proiekzioak antolatu dituzte bileren fruitu gisa eta udazkenerako prozesu berri bat martxan jartzea dute helburu, proiektuari forma eman nahian. Garazi Lizasorekin izan da NOAUA! xehetasun gehiago biltzeko.

NOAUA! Martxoaren 8ko grebaren ostetik pare bat hilabete pasatu dira. Zer-nolako balantzea egin duzue?
Garazi Lizaso.
 Oso balantze positiboa egiten dugu, denok poz-pozik geratu ginen emaitzarekin, baina aldi berean, argi daukagu ez dugula emaitza bakarrik baloratu behar. Bide baten emaitza da, baina bide horrek jarraipena izan behar du.

Ondoren berriz, hainbat bilera egin dituzue. Zer eman dute horiek?
Martxoaren 8ko grebaren ondoren bilera bat deitu genuen eta bertan, balorazioa egiteaz gain, genituen erronkak irudikatu genituen, bakoitzaren usteak konpartituta. Erronka ugari ikusi genituen: bost ardatzetan sakontzea alde batetik, bizitzak erdigunean jarri behar ditugula, lana enplegutik haratago doala, emakumeek bizitza guztia lanean emanagatik pentsio duinik ba ote duten, alarguntasun pentsio miserableak azaleratu genituen... Erronka modura planteatu genuen baita ere borroka hau martxoaren 8tik haratago doala, egunero eragiten digun zerbait dela patriarkatua eta egunero eragiten digun zerbait dela esnatzen garen momentutik ohean sartzen garen artean. Seguraski ametsetan ere hor izango dugu, ez? Kar kar kar. Belaunaldi ezberdinak batzea ere erronka handietako bat da; iruditzen zaigu potentzial izugarria sor daitekeela nahasketa horretatik. Emakume eta emakume hitza izartxoarekin erabiltzen ditugun gainerako identitateak gay, lesbiana, trans... horiei ere lekua egin behar diegu gure artean eta begirada intersekzionala izan behar dugu erlijio, arraza, estatus ekonomikoa, adina, orientazio sexuala, formazioa... Zapalkuntzak askotarikoak izan daitezke eta horiek guztiak uztartzea bada erronka bat, eta horien guztien beharrei erantzutea ematea zer esanik ez. Guk ere baditugu pribilegio batzuk azal zurikoak garelako eta ez gaudelako egoera irregular batean. Beste erronketako bat Usurbilen gune edo talde feminista bat edo batzuk sortzea litzateke eta behin amesten hasita, guztiok aske izango garen Usurbil edo Euskal Herri bat sortzea. Azken hori utopia bat litzateke, baina halakoak ere izan behar dira. Erronkak ez zaizkigu falta.

Film proiekzioak
NOAUA! Maiatzaren amaieran eta ekainean proiekzioak emango dituzue frontoian. Zer eskainiko duzue eta zein da horien helburua?
Garazi Lizaso. 
Guk uste dugu izugarrizko plana eskaintzera goazela. Ostegunetan pintxo poteari lotuta, zertxobait luzatu eta 9:00ak edo 9:30ak aldera frontoian bideo emanaldi batzuk eskaini nahi ditugu. Lehena maiatzaren 30ean, ostegunez izango da eta “80 Egunean” film euskalduna proiektatuko dugu. Baserri giroan kokatzen da Euskal Herrian eta protagonista izango ditu adineko bi emakume. Lesbianismoaren gaia jorratzen du. Bigarren pelikula ekainaren 13an izango da, baita ere ostegunez eta bertan “La Chica Danesa” eskainiko dugu. Kasu horretan, transexualitatearen gaia jorratuko dugu, batez ere keinu bat egin nahi izan diogu nahiz eta gaiak ez datozen erabat bat, ekainaren 2ko sexu langileen nazioarteko egunari eta ekainaren 28ko nazioarteko sexu askapenerako egunari. Esan dezakegu Lurdes Hueta herritarrak martxoaren 8an eginiko argazki lan ugari izan ditugula eskuartean eta ez dugu gehiegi aurreratu nahi, baina herriko zenbait tabernetan erakusketatxoren bat ager litekeela. Beraz, adi egon eta poteatu pixka bat, kar kar kar.

Talde feminista sortzeko prozesua martxan jarri nahi duzue. Nolako prozesua izango da?
Martxoaren 8aren ostean hainbat bilera egin ditugu eta iritsi gara puntu batera non erabaki behar dugun eta nahi dugun gure proiektuari zein forma eman edo norantz jo. Gero erabakiko dugu talde feminista izango den edo zein forma izango duen edo zer gune nahi den edo dena delakoa. Beraz, nahi duguna da prozesu bat martxan jartzea gure behar eta nahiak mahai gainean jartzeko eta hortik aurrera ikusi zein ardura hartu nahi ditugun, zer gozatu nahi dugun. Azpimarratzekoa da hamar bat pertsona biltzen garela bileretan eta belaunaldi ezberdinetakoak gainera. 60 urte ingurukoak daude, 50ekoak, 40 inguru, 30, 25, 20... nire ustez, hori oso aberasgarria da. Udazken aldera, ikasturte berriarekin prozesu horri hasiera eman nahi diogu. Denok daukagu zer esana feminismoaren inguruan, zer partekatu eta horrek ere neurri handi batean herri egiten gaitu. Beraz, animatu denok polita izango baita eta denok gozatuko dugu, seguru gaude.