Igandeko Maskarada Eguneko bazkarirako txartelak salgai

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 12a, 10:22

Igandean ospatuko dugun Maskarada Eguneko antolakuntzak ohartarazi duenez, eguerdian Udarregi Ikastolako jangelan ospatuko den bazkarirako txartel kopuru mugatua jarri dute salgai Bordatxon.

Gutxitan biziko duguna, Usurbildik Xiberoara joan beharrik izan gabe, Xiberoa ekarri eta gerturatuko digute sarritan urrun geratzen zaigu herrialde hartako bizilagunek, astebete barru. Maskarada Eguna ospatuko du herri honek ekainaren 16an. Hego Euskal Herrian, haien ohiko denboraldiz kanpo (urtarrila-apirila artean izaten baita maskaraden denboraldia) eskainiko duten emanaldi bakarra izango da Usurbilgoa.

Urte luzez xiberotarrek eta usurbildarrek izandako hartuemanaren emaitza izango da jaialdia. Usurbila etortzeko proposamena luzatu izan diete aurretik, hara bisitan joan izan ohi diren herritarrek. “Gustura etorriko liratekeela erantzuten ziguten”, baina data finkatzeke uzten zuten. “Urte amaiera baino lehen osatua zuten Urdiñarbekoek haien agenda, nahi bagenuen etorriko zirela zioten. Usurbilgo jaiak aipatzen zituzten, baina guk maskaradak aparteko bere eguna behar zuela genion, jaien aurretik”. Eta hala finkatu zuten ekainaren 16ko hitzordua.

Antolaketa lanetara batu den herritarren bilgunetik NOAUA!ri gogorarazi diotenez, ez da izango herri honek biziko duen lehen maskarada. “Muxkildikoak bitan izan dira eta Sohütakoak baita. Honakoa gutxienez, laugarren maskarada izan liteke”. 

Bi zatitan banatuko da Urdiñarbekoen eskutik biziko dugun jaialdia. Goizean harrera egingo zaie udaletxean, kalejira eta bide ixteko baliatuko dituzten barrikadak izango dira. “Hiru geldiune eginez dantzariak, txorrotxak, kopla kantari bezala” ariko dira. Arratsaldean, “antzezpena izaten da herriko bitxikeriak txertatuz, bi ordu inguruko saioa”. Emanaldiak “umorea, kritika, satira… tartekatzen ditu”. Arte diziplina ezberdinak: musika, dantza, antzerkia, kantua. “Ikuskizun oso bat da”, antolatzaileek nabarmentzen dutenez. Parte hartzailea. “Istorioak barruan sentiarazten du publikoa. Antzezleen eta publikoaren harremana oso hurbilekoa da. Publikoa edozein unetan atera daiteke dantzara”. Pertsonaia ezberdinek parte hartuko dute maskaradan. Tartean, adi, Pitxu, “gordeta ibiltzen den pertsonaia”. 

Hartuemanak sendotzeko
Halere maskarada bera eskaintzetik haratago joateko baliatu nahi lukete eguna. “Maskarada, ekintza bezala gustura antolatzen dugu baina zerbait gehiago atera nahi dugu usurbildarrok”. Urdiñarbe eta Usurbilen arteko elkar ezagutza, eta harremanak sendotzea esaterako, urrun geratzen zaigun herria gerturatzea, ezagutzea, “askotan egiten ditugu eta dantzak jakin gabe nondik datozen eta zer diren. Dantza horiek erakusteko baliatu behar da egun hau”.

Maskarada zer den girotzen eta informatzen joateko, antolatzaileetako baten, Iñaki Agirresarobe herritarraren gai honi buruzko argazki erakusketa bisita dezakezue egunotan Artzabalen. “12 argazki jarri ditut eta testu txiki bat kokatzeko. Zein den pertsonaia bakoitza, zer funtzio duen…”.

MASKARADA
Ekainak 1-16
Iñaki Agirresaroberen “Zuberoako maskaradak” argazki erakusketa Artzabal tabernan.

Ekainak 16, igandea: Urdiñarbeko maskaradak
11:30 
Potxoenetik udalera dantzariekin abiatu.
11:45 
Harrera Udalaren aurrean.
12:00 Aurresku herrikoia (nahi duenak dantza egin dezake).
12:30 Gazteen harrera Askatasuna plazan.
13:00 Artzabal zahar etxean harrera.
13:30 Mikel Laboa plazan azken barrikada.
Ibilbide osoan Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoek eta herriko txorrotxek ere bertsoak abestuko dituzte.
14:30 Bazkaria Udarregi Ikastolako jangelan. Txartel kopuru  mugatua Bordatxon salgai.
16:30 Ekitaldi nagusia pilotalekuan.

Zehaztasunak: "Maskarada urtero Zuberoan egiten den ekitaldia da, udaberriari ongietorria emanez. Urtarrilaren lehen igandetik apirila bukaera bitartean izaten da. Bertako herriek txandaka antolatzen dute. Aurten Urdiñarbe herriak antolatu du. Maskaradaren azken emanaldia Usurbilen egingo da. Aukera paregabea da Maskarada gertutik ezagutzeko".