Adi Usurbilgo jaietako zenbait bazkaritarako txartelen salmentari

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 12a, 09:17

Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko diren Usurbilgo jaien baitan iragarri diren zenbait bazkaritarako txartelak salgai edo salgai jartzear dituzte antolatzaileek. Zikiro janari, jubilatu nahiz gazte bazkariari buruz ari gara.

Atzera kontaketa betean gara jada. Badatoz ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko diren Santixabelak! Festak kalean, lagun artean eta otordu ederren bueltan ospatzeko lekua erreserbatzen hasi zaitezkete. Zenbait bazkaritarako txartelak salgai jarri edo jartzear dituzte jada.

Jubilatuen bazkaria
Azken urteon antzera, ekainaren 30ean 14:00etan Atxega Jauregian ospatuko den jubilatuen bazkaritarako txartelak aurrez eskuratu beharko dira. Ekainaren 19an goizeko 10:00etan jarriko dituzte salgai Gizarte Zerbitzuetan eta hiru jubilatu elkarteen egoitzetan (Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate). Txartelak ekainaren 21era arte izango dituzte salgai, lehenago agortzen ez badira.

Zikiro jana
Honez gero agortu ez badira, txartelak ohiko lekuetan, Aitzagan, Txiribogan eta Bordatxon eskuratu ahalko dituzue 25 eurotan, 15 eurotan langabetu eta ikasleek. Antolakuntzak ohartarazi duenez, “txartelak ezingo dira itzuli ekainaren 28tik aurrera”. Hilaren 29an ospatuko da zikiro-jana, larunbatez, 14:00etan Askatasuna plazan, Kuxkuxtu txarangakoekin herrian barrena ospatuko den euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko kantu-jiraren ostean.

Gazte bazkaria
Ekainaren 28an ospatuko da txosnetan. Txartelak aurrez izango dira salgai ohiko tokietan.