Kalezarreko zahar egoitza berriari lotuta Udalak hartutako azken erabakiak jendaurrean

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 13a, 19:09

2021erako eraikia izatea aurreikusia dagoen egoitza berriaren gaian urrats garrantzitsua eman zuen udalbatzak, maiatzaren 23ko osoko bilkuran. Hiri Antolamendurako Plan Bereziaren Aldaketa behin betiko onartu zuen. Proiektu honi lotuta, zenbait erabaki onartu eta jendaurrean ikusgai jarri ditu gaur.

Hala dakar, ekainaren 12 (asteazkena) honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Egoitza berria kokatuko den Portalmusu eta Komentua izeneko lur eremuei lotutako zenbait erabaki hartu ditu Udalak. Batetik guneotako kontzertazio-hitzarmen urbanistikoa hasieraz onartu eta jendaurrean ikusgai jarri du 20 lanegunez, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izateko. Gauza bera egin du baita, aipatu bi lur eremuak Urbanizatzeko Jarduketa-Programaren Aldaketarekin ere. Hasieraz onartu du Udalak eta alegazioetarako 20 lanegunez jendaurrean ikusgai jarri du.

Hirugarren erabaki bat ere hartu du Udalak; Portalmusu eta Komentua eremuetako P1 partzela Babes Akustiko Bereziko Eremu deklaratzeko prozedura abiarazi eta jendaurrean jartzea.

Hirigintza plana onartua
2015-19 legealdiko udalbatzaren maiatzaren 23ko azken osoko bilkurak, urrats garrantzitsu bat eman zuen etorkizunean Kalezarren eraikiko den adinekoentzako egoitza proiektuari dagokionean. Portalmusu eta Komentua lur eremuen Hiri Antolamendurako Plan Bereziaren Aldaketa behin betiko onartu zuen aho batez. “Oso egun garrantzitsua da gaurkoa”, zioen Usurbilgo Udaleko alkate Xabier Arregik. 

Egunotan ematen ari diren egitasmo honi lotutako hurrengo urratsak iragarri zituen alkateak. Ospatu berri diren hauteskundeetatik osatuko den udalbatzak onartu ahalko dituen bi hirigintza tresnak. Batetik, Matiaren eta Usurbilgo Udalaren arteko kontzertazio hitzarmena. Hitzarmen honekin, proiektua nola exekutatu erabakitzeko konpromisoak hartuko dituzte bi erakundeok. Bestetik, ekintza plan urbanizatzailea. Hau ere udalbatza berriak onartu beharko du behin betiko, baina denbora gehiago itxaron gabe, presazko prozedura bidez eta udalbatza berria osatu baino lehen, alkate dekretuz hasieraz onartu eta jendaurrean jartzeko konpromisoa agertu zuen udal gobernu taldeak. Konpromisoa gauzatu dute jada.

Kalezarren, garai bateko mojen konbentuaren lur eremuan kokatuko den adinekoen egoitza berriaren proiektuari lotutako albiste gehiago ere badira. Alkateak legealdiko azken plenoan berri eman zuenez, egoitza berrira heltzeko autobus geltoki eta igogailu berria finantzatzeko dokumentuak lantzen ari da Udala Aldundiarekin. Horrekin batera, adinekoei asistentzia integrala eskaintzeko “Etxean bizi” programa gauzatzeko akordioa sinatua du Udalak, Foru Aldundiko gizarte gaietarako sailaren sinadura baino ez du falta.

Elkarlanean segitzeko deia
Udalbatzaren osoko ohiko bilkurak irekiak izan eta pleno aretora bertaratu daitekeen arren, normalean ez da inor izaten. Legealdiko azken osoko bilkuran ordea bai; pentsiodunak, herriko jubilatu elkarteetako kideak bertaratu ziren. Hurbiletik segi zuten, adinekoen egoitza berriaren proiektuari lotutako gai zerrendako puntuaren inguruan udalbatzak erabakitzekoa zuena. Egitasmoa aurrerabidean dela ikusita, esker hitzak izan zituzten udalbatzarentzat onartu berri zuten planagatik, eta aurrera begira ere, orain arte bezala, elkarlanerako deia egin zieten udalbatzako kideei. “Gu beti elkarlanerako prest”, adierazi zieten.