Bi zauritu, Aginagan eta Usurbilen izandako istripu banatan

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 12a, 19:26

Artxiboko irudia.

Bi zaurituak Donostia ospitalera eraman dituzte. Istripuetako bat Aginagan jazo da, bestea Osinalde industriagunean (Irudia: artxibokoa).

Azken asteotan izan ditugun ezbeharrei beste bi gertakari erantsi behar dizkiegu. Biak asteazken arratsalde honetan jazotakoak, bat Usurbilen, bestea Aginagan. Larrialdi zerbitzuek aditzera eman dutenez, Aginagan ezbeharra izan da traktore baten eta auto baten artean. Zauritu bat eragin du istripuak eta Donostia ospitalera eraman dute.

Aipatu ospitalera eraman dute baita Usurbilen izan den istripuan zauritu den laguna. Osinalde industriagunean izan da ezbeharra. Auto batek txirrindulari bat harrapatu du. 

Aurreko astean ere, ekainaren 4an Luzuriagan beste istripu bat jazo zen. Herritar batek berri eman digunez, kamioi batek auto bat jo zuen. Egun batzuk lehenago beste istripu bat gertatu zen baita N-634 errepideko puntu berean. Eta maiatza amaieran Txikierdi eta Troia arteko errepide zatian.