Aste honetako hirugarren istripua gaur, oraingoan Txokoaldeko sarbidean

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 13a, 20:39

Aste honetako hirugarren istripua ostegun arratsalde honetan; azken aldiko kasu gehienetan bezala, hau ere N-634 errepidean, Txokoaldeko sarbidean. Bi autok elkar jo dute 20:00ak inguruan.

Herritar batek sare sozialen bidez helarazi digun albiste honi atxikitako argazkian ikus daitekeenz, N-634 errepideko puntu beltzetako batean jazo da istripua, Txokoaldeko sarbidean. Bi autor elkar jo dute ostegun arratsalde honetan, 20:00ak aldera.

Aste honetako hirugarren istripua dugu gaurkoa. Azken asteotan izan ditugun ezbeharrei beste bi gertakari erantsi behar dizkiegu. Biak asteazken arratsaldean jazotakoak, bat Usurbilen, bestea Aginagan. Larrialdi zerbitzuek aditzera eman zutenez, Aginagan ezbeharra izan zen traktore baten eta auto baten artean. Zauritu bat eragin zuen istripuak eta Donostia ospitalera eraman zuten.

Aipatu ospitalera eraman zuten baita Usurbilen izandako istripuan zaurituriko laguna. Osinalde industriagunean izan zen ezbeharra. Auto batek txirrindulari bat harrapatu zuen. 

Aurreko astean ere, ekainaren 4an Luzuriagan beste istripu bat jazo zen. Herritar batek berri eman digunez, kamioi batek auto bat jo zuen. Egun batzuk lehenago beste istripu bat gertatu zen baita N-634 errepideko puntu berean. Eta maiatza amaieran Txikierdi eta Troia arteko errepide zatian.