Urdiñarbeko lagunek maskaradaz jantziko dute herria igandean

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 14a, 13:09

Igandean biziko duguna ez da berehalakoan errepikatuko. Xiberotarrak datoz gure artera, haien herria, haien kultura ezagutaraztera. Maskaraden denboraldia apirilean amaitu zuten arren, denboraldiz kanpo, Hego Euskal Herrian eskainiko duten emanaldi bakarra, igandean, ekainaren 16an plazaratuko dute Usurbilen.

Egun pasa borobila prestatu digute xiberotarren eta usurbildarren arteko elkarlanez antolatu den jaialdiaren bueltan. Bi zati izango ditu egunak; goiz eta eguerdi partean, harrera eta aurreskua udaletxean, eta segidan, barrikadak herrian barrena; kantua eta ikuskizuna uztartuko dituen kalejira. Hiru geldialdi izango ditu; Askatasuna plazan, Artzabal ingurua eta Mikel Laboa plaza.

Arratsaldez, ikuskizun nagusia pilotalekuan. Hemen duzue egitaraua. Pare bat ohar; maskaradez gehiago jakin nahi baduzue, gerturatu Iñaki Agirresarobe herritarrak Artzabalen ikusgai jarri duen argazki erakusketara. 

Bestalde, igande eguerdian bazkaria iragarri du antolakuntzak Udarregi Ikastolako jangelan. Jada agortu ez badira, txartel kopuru mugatu bat salgai jarri dute Bordatxon.

URDIÑARBEKO MASKARADA
Ekainak 1-16
Iñaki Agirresaroberen “Zuberoako maskaradak” argazki erakusketa Artzabal tabernan.

Ekainak 16, igandea: Urdiñarbeko maskaradak
11:30 
Potxoenetik udalera dantzariekin abiatu.
11:45 
Harrera Udalaren aurrean.
12:00 Aurresku herrikoia (nahi duenak dantza egin dezake).
12:30 Gazteen harrera Askatasuna plazan.
13:00 Artzabal zahar etxean harrera.
13:30 Mikel Laboa plazan azken barrikada.
Ibilbide osoan Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoek eta herriko txorrotxek ere bertsoak abestuko dituzte.
14:30 Bazkaria Udarregi Ikastolako jangelan. Txartel kopuru mugatua salgai Bordatxon.
16:30 Ekitaldi nagusia pilotalekuan.

Zehaztasunak: "Maskarada urtero Zuberoan egiten den ekitaldia da, udaberriari ongietorria emanez. Urtarrilaren lehen igandetik apirila bukaera bitartean izaten da. Bertako herriek txandaka antolatzen dute. Aurten Urdiñarbe herriak antolatu du. Maskaradaren azken emanaldia Usurbilen egingo da. Aukera paregabea da Maskarada gertutik ezagutzeko".