Urdiñarbeko lagunak gure artera etorri bezperan, usurbildarrak doaz han ospatuko duten EH Kantuz Egunera

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 14a, 12:06

Usurbilgo Maskarada Egunean xiberotarrak gure artera etorri bezperan, usurbildarrak izango dituzte bisitan Maule eta Urdiñarbe aldean ospatuko duten Euskal Herria Kantuz egunean. Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak egunpasa antolatu du larunbatean, ekainaren 15ean, Euskal Herri osoko kantuzaleak bilduko dituen jaialdira.

Azken urteotako hitzorduari hutsik ez diote egingo aurten ere. Usurbilgo Euskal Kantu Taldea, Euskal Herria Kantuz elkarteak eta Xiberoko Kantuzaleen Biltzarrak ekainaren 15ean Zuberoan, Maule-Urdiñarben antolatu duten Euskal Herria Kantuz Egunera joateko irteera antolatu du. Autobus zerbitzua antolatu dute Usurbildik; 8:30etan abiatuko da Oiardo Kiroldegi ataritik. Egunpasa joan asmo duenak aurrez eman beharra du izena.

Euskal Herria Kantuz Egunean, Euskal Herriko osoko kantu taldeak elkartuko dira. Kantujira ospatuko dute goizean Maulen, herri bazkaria eta bazkalosteko dantza eta kantu saioa Urdiñarben.

Kantu Taldea Maskaradan
Biharamunean, ekainaren 16an Usurbilen ospatuko dugun Maskarada Egunez ere kantu-jiran irtengo dira Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoak. Goizean zehar ospatuko den kalejiran, "ibilbide osoan Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoek eta herriko txorrotxek ere bertsoak abestuko dituzte" iragarri du antolakuntzak.

Musikaren Egunera, dantzara
Aurreko asteburuan Orbeldi Dantza Taldekoak, azken urteotako ohitura biziberrituz, Urdiñarbeko Musikaren Egunean parte hartu zuten. “Azken aldiz antolatuko dute Urdiñarben, eta parte hartzera gonbidatu gaituzte. Bertan izango gara dantzan. Hango dantzariekin harremana sortu dugu”.