Maskaradak udal gobernua aldarazi zuen, Pitxu izan genuen Usurbilgo auzapez

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 17a, 09:07

Larunbatean kargua hartu berri zuten alkatea gainerako udal ordezkariekin batera oposizioan eta auzapez berriarekin esnatu zen igandean Usurbil. Pitxuk eta Urdiñarbeko lagunek hartu zuten Usurbil kudeatzeko aginte makila, maskaradako lagunei igande eguerdian Udaleko pleno aretoan egin zitzaien harrera ekitaldian.

Idazkari eta laguntzaile berriek gidatu zuten saioan, bozketen emaitzen berri eman zuten. Azken hilabeteok hauteskunde giroan igarota idazkariak zioenez, "badirudi ez dugula gai honekin inoiz bukatuko". Herriak aho batez Pitxu hautatu zuen Usurbilgo auzapez. 24 ordu lehenago alkatetza kargua hartu zuen Agurtzane Solaberrietak aginte makila eman zion eta oposizioko buru bilakatu zen atzo, astelehen honetan alkatetzara bueltatu berri den Solaberrieta. 

Esker ona adierazi zien, alkate gisa jendaurreko lehen ekitaldia zuen Solaberrietak Urdiñarbeko lagunei nahiz atzoko antolatzaileei, "maskarada hau Usurbila ekartzeagatik". Antolakuntzaren izenean, Lontxo Zubiriak ere bi herriek aspalditik duten hartuemanari segida emateko gogoa adierazi zuen. Lagun arteko egun bat izateko desira agertu zuen, eta horrekin batera, "Usurbil eta Urdiñarberen arteko harremanak areagotzea, zer hobeto gainera, euskara eta euskal kultura oinarri hartuta".

Plaza hartzeko gonbita luzatu zien Usurbilgo alkateak Urdiñarbeko lagunei eta bidelagun izan zituzten usurbildarrei. Eskertza gisa, omenaldi modura oroigarri bat eman zion Solaberrietak herriaren izenean Urdiñarbekoei, "ia Usurbil eta Urdiñarbe inoiz bereizten ez diren". Oroigarriarekin batera, sagardo tragoa eskaini zitzaien. Maskarada goratuz, "biziki ona!", adierazi zuen auzapez berriak sagardo tragoa dastatu berritan.  

Usurbilgo udal ordezkariekin ateratako talde argazkiaren ostean, udaletxeko balkoitik pleno aretoan izandako alkatetza aldaketaren berri eman zitzaion herriari. Plazan, Usurbilgo herriak ohorezko aurreskua dantzatu zieten Urdiñarbeko lagunei, ongi etorri gisa. Eta Kantu Taldeak, abestuz gauza bera egin zuten. Koplatan eta trikitiaren laguntzaz egin zieten harrera, Joseba Tapia, Kerman Errekondo, Iñaki Agirresarobe eta Mikel Alkorta laukoteak. Hortxe abiatu zen atzoko Maskarada Eguna.