Uda parterako eskaintza zabala prestatu du, 10. urtemugara begira den Gaztelekuak

10 urte betetzear ditu Gaztelekuak eta urtemuga prestatzen hasteko baliatuko du hein batean, ate joka dugun uda garaia. Oporraldi luzean murgiltzear diren 12-16 urte arteko gazteek eskaintza zabala izango dute eskura.

10 urte betetzear ditu Gaztelekuak. Ez da oharkabean pasako urtemuga. Uda partera begira antolatu dituen ekimenetan jada nabari da, prestaketa lan betean igaroko dutela gazteek ostiral honetan bertan abiatuko duten oporraldi luzea. Abestia, bideo gidoia… lantzen hastera doaz. Lehenago ordea, udan zehar, ate joka ditugun Usurbilgo jaietan ere zabalik izango da Gaztelekua. Ekainaren 29an ur eta zikin jolasak antolatu dituzte DBH1-ekonetzat, uztailaren lehenean margolan tailerra erabiltzaile guztientzat. Segidan duzue Gaztelekuko udako ekintzen egitaraua. Gogoan izan, tartean hainbat txango antolatu dituztela. Irteera hauetarako guraso baimena jaso, bete eta jasotako leku berean, Gaztelekuan aurkeztu beharko da. “Bertan zehaztuko da ordutegia eta zer eraman behar duten”. Informazio gehiago jasotzeko bideok dituzue: Gaztelekuan / gaztelekua@usurbil.eus/ 943 371 050.
-Ekainak 20, Euskal Telebistak Gure Kasa saiora irteera DBH3-koekin.
-Ekainak 22: udako solstizioaren ospakizuna DBH1-ekoekin.
-Ekainak 24: Txokoaldeko Txalaparta Txokora irteera DBH1-ekoekin.
-Ekainak 27: “Beldur barik” sariko ekintza: Zumaia-Deba txangoa eta afaria.
-Ekainak 29: ur eta zikin jolasak Artzabalen DBH1-ekoentzat.
-Uztailak 1: Gaztelekua Zabalik, margolan tailerra denentzat.
-Uztailak 4: Donostiako irlara irteera DBH1-ekoekin.
-Uztailak 5: Zarauzko hondartzara irteera DBH1-ekoekin.
-Uztailak 8: Gaztelekua Zabalik, 10. urtemuga antolatzen: abestia sortzen. Denentzat.
-Uztailak 11-12: Andatzara irteera DBH2-koekin.
-Uztailak 15: Gaztelekua Zabalik, 10. urtemuga antolatzen: bideo gidoia. Denentzat.
-Uztailak 18: Gaztelekua Zabalik, pizza tailerra. Denentzat.
-Uztailak 19: Aia-Zarautz txangoa, altxorraren bilera DBH2-koentzat.