Usurbilgo jaietako 43. Bertsopaper Lehiaketara lanak aurkezteko epea ixtear

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 18a, 12:03

Ostiralera arteko (ekainak 21) epea dago, 6-10 bertso sortu eta antolakuntzari helarazteko. Epaimahaiak hartutako erabakia, uztailaren lehenean emango da ezagutzera, urtero legez, Usurbilgo jaien baitan.

Udaberri partean Usurbilgo Jai Batzordeak festei begirako hiru txapelketa edo deialdietan parte hartzera animatzen ditu herritarrak. Batetik, txupinazoa nork jaurti erabakitzeko proposamenak egitera gonbidatzen gaituzte. Aurtengo festei hasiera emango dietenak hautatuak daude jada; herriak hala erabaki du, Bera Bera txapelduneko herriko bi jokalariek izango dute festak abiatzeko ohorea, ekainaren 28an. Estitxu Berasategi eta Esther Arrojeria eskubaloi jokalariek piztuko dute jaietako suziria.

Egitarau diseinu lehiaketa ere antolatzen du Jai Batzordeak. Irati Azkue oriotarraren lana izan da saritua. Hala erabaki zuen epaimahaiak, maiatzean. Inprentatik bueltan, asteburuan Udalak etxez etxe banatuko du eta orduan ezagutuko dugu egitarauak izango duen itxura, bost jai egunetako ekitaldi eskaintza ezagutzearekin batera. 

Oraindik orain ordea, zabalik segitzen du udaberri parte honetan martxan jarri den beste txapelketa baterako parte hartzeak. Bota Punttubak eta Udalak antolatutako 43. Bertsopaper Txapelketari buruz ari gara. Sortze lanak aurkezteko ostiralera arteko (ekainak 21) epea dute interesdunek.

43. Bertsopaper Lehiaketa
-16 urtetik gorako usurbildarrentzat.
-Lanak (originala eta hiru kopia) ekainaren 21a baino lehen aurkeztu, egilea nor den adierazi dezakeen daturik gabe. Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztu. Guztia helbide honetan: Usurbilgo Udala (XLII. Bertsopaper Lehiaketa) Joxe Martin Sagardia plaza. Usurbil 20170
-Lanek 6-10 bertso artekoak izan beharko dute, inoiz argitaratu gabeak.
-Sariak: lehen saria 200 euro eta oroigarria; bigarrena, 150 euro.
-Oharra: epaimahaiarentzat aurkeztutako lanek behar duten kalitaterik ez badute, sariak eman gabe gera daitezke.
Antolatzaileak: Bota Punttuba eta Usurbilgo Udala.