2020ko Euskaraldia prestatzeko bilera asteazkenean eragileekin

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 18a, 11:38

2020ko edizioko prestaketa lanak abiatu dira Usurbilen. Ekainaren 19an urrats berri bat emango dute. Eragileekin bilera irekia deitu dute 19:00etan Potxoenean. Parte hartzera animatzen dute. Bigarren edizio honetan Euskal Herriko herritarrekin batera entitateek parte hartzeko aukera izango dute.

Ahobizi eta Belarriprestok adi, konturatzerako Euskaraldia bueltan datorkigu eta. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herrian 220.000 lagunek eginiko ariketa kolektiboak jarraipena izango zuela iragarri zuten sustatzaileek, joan den urte amaierako 11 eguneko ekimena amaitu berritan. Data finkatua dute; geure hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimenaren  edizio berria, 2020ko udazkenean ospatuko da. 

Estreinako edizioan bezala, Ahobizi nahiz Belarriprest rolen bidez, iazko udazkenean 11 egunez egin eta hasitako ariketari segida ematera, Euskaraldian parte hartzera gonbidatuko dira herritarrak. Eta berrikuntza bat ere iragarri dute; 2020ko udazkeneko ariketa kolektibo berrian, erakunde publiko, enpresa, saltoki, elkarte eta abarrei, entitateei oro har, haien guztien jardunean euskararen erabilera indartzeko konpromiso zehatzak hartzea bultzatuko da.