Legealdi berriko udalbatzarraren lehen osoko bilkura gaur 18:00etan

Ekainaren 15ean udal ordezkarien kargu hartzeekin eta udalbatza berria osatuta abiatu zen, maiatzaren 26ko hauteskundeen osteko 2019-23 legealdi berria. Legealdi berri honetako lehen osoko bilkura deitu du Usurbilgo Udalak, astearte honetarako, ekainaren 25erako. Udal ordezkariek hurrengo lau urteotako jardunari begirako antolaketa lanei lotutako gaiak hartuko dituzte nagusiki ahotan, 18:00etan hasiko duten saioan.

Tartean, aldaketa nagusi bat onartu edo ez erabaki beharko dute. Urteak daramatza udalbatzak hilero azken astearteetan biltzen. Usurbilgo Udalak helarazi berri duen gai zerrendaren arabera ordea, plenoetako eguna aldatzea erabaki dezake udalbatzak datorren asteko osoko bilkuran. Horrekin batera, udal talde, Tokiko Gobernu Batzar eta batzordeen osaera, zinegotzi liberatuak, alkate ordeen izendapena edota beste organoetako udal ordezkaritzaren hautaketa hartuko dute ahotan.

UDALBATZARRAREN OSOKO BILKURA
Eguna: ekainak 25, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai zerrenda:
1.- Eraketa bilkurako aktaren onespena.
2.- Udal Arautegi Organikoaren aldaketa (Udalbatzarraren ohiko eguna aldatzea).
3.- Batzorde informatzaileen kopurua, izena eta osaketa.
4.- Zinegotzi liberatuen dedikazioa eta ordainsaria.
5.- Udal ordezkaritza beste organo eta erakundeetan.
6.- Alkatearen dekretuen berri ematea:
6.1.- 2019/569 dekretua: Tokiko Gobernu Batzarreko kideen izendapena.
6.2.- 2019/570 dekretua: Alkateordeen izendapena.
6.3.- 2019/575 dekretua: Alkatearen hainbat eskumenen eskuordetzea.
7.- Udal talde politikoen eraketaren berri ematea.
8.- 2019/464 dekretua berrestea.
9.- 2019/474 dekretua berrestea.
10.- Galdera-eskaerak.