Kalean behar zuten arren, Usurbildik 600 kilometrora Picassenten preso segitzen dute Olatz Lasagabasterrek, Patxi Urangak eta haien haur Xuak. Xuak 3 urte beteko ditu urtarrilean eta Valentziako espetxetik irten beharko du, gurasoak bertan utzita. Xua gurasoengandik banatu ez eta hiruren etxeratzearen alde lan egingo duen “Xua Gurasoekin Etxera” herri ekimena aurkeztuko dute larunbatean (ekainak 22). Aldaketarik ez bada, 12:00etan Askatasuna plazako parkean.
Hala iragarri zuen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, euskal presoen eskubideen alde maiatzaren 31n Mikel Laboa plazan egin zuten elkarretaratzean. Helburu argi bat izango du herri ekimen berriak; Valentziako Picassenteko espetxean diren Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen alaba "Xuak hiru urte beteko dituenean, bere gurasoengandik banatu ez dezaten exijitzeko" lan egitea.
Gogoan izan, Usurbildik 600 kilometrora segitzen dute preso Olatzek, Patxik eta Xuak, nahiz aspaldi kalean, Usurbilen behar zuten hirurek, Lasagabasterrek eta Urangak espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak baitituzte jada. Ekainean 10 urte beteko dituzte espetxeratu zituztenetik. Egun, 2021eko ekainerako finkatua dute irteera data.
Aipatu moduan halere, egun indarrean den araudia aplikatuta kalean behar lukete. Euskal presoen eskubideen alde Mikel Laboa plazan egin berri duten hileroko azken ostiraletako elkarretaratzean gogorarazi zutenez, beste hainbat presoren kasuan bezala, "Olatz eta Patxiren kasuan ere lege arrunta aplikatzea eskatzen dugu eta eskubidez dagokien baldintzapeko askatasunean jartzea".
Horrekin batera, Olatz eta Patxiren haur Xuak hiru urte beteko ditu datorren 2020ko urtarrilean eta honenbestez, gurasoengandik urrunduko dute espetxetik irten beharko baitu. Hala gerta ez dadin exijitzeko, "Xuak hiru urte beteko dituenean bere gurasoengandik banatu ez dezaten exijitzeko", larunbatean, ekainaren 22an "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimena aurkeztuko dute Usurbilen. Aldaketarik ez bada, 12:00etan Askatasuna plazako parkean.
Arropa salmenta
Aipatu herri ekimenaren aldeko arropa saltzen aritu ziren Ikastola Egunez Sutegi atarian. Postua asteotan jarriko dute berriz.
Zikiro janerako txartelak agortuak
Antolakuntzak ohartarazi duenez, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko Usurbilgo jaietako zikiro-janerako txartelak agortu dira. Gogoan izan, “txartelak ezingo dira itzuli ekainaren 28tik aurrera”. Ohar gehiago. Jaiak tarteko azken ostiraleko elkarretaratzerik ez da izango; haren ordez, urteroko jaietako presoen eskubideen aldeko ekitaldia ekainaren 29an 20:00etan Olanoeneko plazan.