12 urteko espetxealdiaren hiru laurdenak beteak dituzten arren, Usurbildik 600 kilometrora Valentziako Picassenteko espetxean dituzte preso oraindik Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga. Igandean 10 urte beteko dira atxilotu zituztenetik. Olatz eta Patxirekin bizi da haien alaba Xua ere. Hiru urte beteko ditu 2020ko urtarrilean eta espetxetik irten beharko du. Gurasoengandik urrunduko dute. Halakorik gerta ez dadin, Xua eta gurasoak bereizi ez ditzaten eta hiruren etxeratzea gauzatzearen alde lan egingo du larunbat eguerdi honetan, haien Usurbilgo eta Orioko lagunek Askatasuna plazako parkean aurkeztu duten "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak.
"Isilik eta geldirik egon ezin dugulako, talde bat lanean ari gara injustizia hau salatu eta konponbidea ematea eskatzeko". Albiste honi atxikitako bideoan duzue aurkezpen ekitaldia osorik.
"Jarri ixa handi bat zuen herrian"
Hainbat ekimen bideratuko dituzte hurrengo hilabeteotan. "Aurrerantzean, ixa erraldoi bat egitera animatu nahi zaituztegu. Xuarekin batera Olatz eta Patxi Euskal herrian nahi ditugulako. Etxean nahi ditugulako, Usurbilen eta Orion. Jarri gizatasunezko ixa bat zuen bizitzan. Jarri solidaritatezko ixa bat zuen bihotzetan. Jarri justiziazko ixa bat zuen etxean. Jarri ixa handi bat zuen herrian", luzatu diete gonbita herritarrei.
Argi gogorarazi digute, Xuak, Olatzek eta Patxik, hirurak eta elkarrekin, aske eta etxean behar dutela jada. "12 urteko zigorraren hiru laurdenak ondo beteak dituzte dagoeneko. Espainiako legediaren arabera baldintzapeko askatasunean beharko lukete. Legez libre behar lukete baina giza legerik ez duen kartzela politika lotsagarri honen hiru biktima gehiago dira".
"3 urteko umetxo bati gurasoekin egoteko eskubidea kenduko zaio"
Urtarrilean bereizi ditzakete, urtarrilaren 19an Xuak hiru urte betetzean. "Espainiako legearen arabera, ezingo du espetxean jarraitu. Xua etxera etorriko da behin betiko. Berri zoragarria denak, ez du dena gozotik izango" ordea, ohartarazi dutenez.
"2017ko urtarrilean jaio zen Xua Picassenteko espetxean. Han daude gaur egun baina laster banatuko da familia, Xua Euskal Herrira etorriko baita urtarrilean eta gurasoek preso jarraituko dute. Banaketa benetan gogorra izango da", iragarri dute.
Gogorra eta bidegabea. "3 urteko umetxo bati gurasoekin egoteko eskubidea kenduko zaio", salatu dute gaurko agerraldian. Legediak argi zehazten du egin beharrekoa. Gurasoek espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta jada kalean behar luketela jakinda, "bere gurasoek ere etxera etorri beharko lukete alabarekin batera. Zergatik ez eurekin ere legea bete? Noiz arte eduki behar dituzte kartzelan bahituta? Zenbat gehiago sufritu behar dute? Alaba ikastolara eramatea, handik jasotzea, parkean jolastea, irakasleekin bilerak, alabarekin lagunak ezagutzea, aita eta ama izatea noiz arte galarazi behar diete?", galdetu dute "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenaren sustatzaileek.