Xua Gurasoekin Etxera

Hamaika ekimen iragarri dituzte "Xua Gurasoekin Etxera" etortzeko

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 22a, 20:03

Larunbat eguerdi honetan aurkeztu duten "Xua Gurasoekin Etxera" kanpainaren baitan, ekimen ugari iragarri dituzte hurrengo hilabeteotarako: sinadura bilketa, mozio aurkezpenak, kantu baten sorrera, postal bidalketak, arropa salmenta... Adi ekimen guztion sustatzaileek NOAUA!ra helarazi duten ondoko irudiari. Giltza, katea... Gaur abiarazi duten kanpainaren irudia izango da. Abiatzear ditugun Usurbilgo jaion zaindari izango dugun maskotak eramango duena. 

Usurbilgo festetako maskotak honenbestez, keinu argia egin eta bere egingo du "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenaren aldarria. "Aurtengo jaietako maskotan Xuak bere lekua izango du. Askatasun eza, gurasoekiko maitasun lotura goxoa eta askatasunerako giltza irudikatuko duena. Azken batean bere egoera islatzen duena", azaldu dute "Xua Gurasoekin Etxera" ekimeneko kideek.

Herrira zabalduko da kanpaina. "Guk ekimen honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu usurbildar guztioi. Xuari denok eta bakoitzak bere moduan lagundu diezaiokegu. Honen erakusle dira ekimen honi jada beren ekarpena egin diotenak, logoa, abestia eta bideo bat eginez".

"Ixa hori erraldoia izatea nahi genuke"
Maskotarenaz gain, ekimen gehiago iragarri baitituzte hurrengo hilabeteotarako. Zenbait ekintza abiarazi dituzte jada; esaterako sinadura bilketa bat. Horrekin batera, egunotan Orioko eta Usurbilgo etxeetan, ekimen honen eta Xuak, Olatzek eta Patxik bizi duten egoeraren berri ematen duten aldizkaria banatu dute. 

Gaurko agerraldian begi bistako den ixa handi batek irudikatuko du ekimena. "Ixa hori da hemendik bidali diegun elkartasun muxua. Ixa hori da Orio eta Usurbilen arteko indar biderkatua. Ixa hori da gure presoek bizi behar dituzten isolamenduak, inkognitak eta kartzelaldi mugagabeak. Xua Euskal Herria datorrenerako, ixa hori erraldoia izatea nahi genuke".

Ixa handi hau irudikatzen duten kamisetak, txapelak, zapiak... salgai jarriko dituen postua aurkituko duzue noiznahi hurrengo hilabeteotan. 

10 urteotan Usurbil eta Orio zenbat aldatu diren irudikatzen duten argazkiekin postalak sortu dituzte. "Beraiei postalok bidaltzera animatu nahi ditugu gure herritarrak". Eta kantu bidez ere plazaratuko da Xua, Olatz eta Patxi bizitzen ari diren bidegabekeria. "Xuak gurasoekin etxera etor dadin eskatuko duen kantu bat ere egiten ari gara, Orioko eta Usurbilgo musikari sortzaileekin batera elkarlanean. Udazkenean aurkeztuko dizuegu kantaren grabazioa". 

Ekimen gehiago iragarri dituzte uda osterako. Mozio bana aurkeztuko dute Usurbilgo eta Orioko Udaletan...