Igerileku berritua zabalik berriz

Doikuntza lan batzuk egiteko ostegunean itxi zuten Oiardo Kiroldegiko igerileku berritua zabaldu dute berriz larunbat honetan.

"Ostegunean igerilekuko instalakuntzan izan ziren arazoak konpondu ditugu", zioen ostiralean sare sozialen bidez Usurbilgo Udalak. Larunbat goiz honetan zabaldu dute berriz ekainaren 10ean zabaldu zuten igerileku berritua. "Betiko ordutegian eta ikastaroak ohi bezala eskainiko dira", ohartarazi du Udalak.

Ikastaro berriak
Oiardo Kiroldegiak plazaratu du jada uda parterako ikastaro eskaintzaren gaineko informazioa. Izerdi patsetan amaitzeko hamaika proposamen dituzte ate joka dugun uda parterako. Izen ematea zabalik dago saio guztiotarako: 

-Haurrentzat: igerilekuko ikastaro eskaintza zabala, Kirol Txokoa, eskalada.
-Helduentzat: igeriketa ikastaroak, pilates, GAP+tonifikazioa, Bodyfit, 3. adina, streching, spinning.
-Haur eta helduentzat: igeriketa entrenamendu pertsonala.



Sakoneko berritze lanak
Joan den urritik igerilekuen eremua sakonetik eraberritzen aritu dira hilabeteotan. Batetik, igerileku txikia handitu dute. Kafetegi edo Kiroldegi sarreraren eremuko zati bat baliatu da horretarako. Etorkizunean, 0,75 metrotik hasi eta 1,2 metrorainoko sakonera izango du. Handitzearekin batera, lehen zeuden oztopo arkitektonikoak ezabatu dituzte eta irisgarri bilakatu dute igerileku txiki handitua. 

Zaharkituak zeuden azpiegiturak ere berritzen aritu dira; besteak beste, uraren filtrazio eta klimatizazio sistemak.

Igerilekuko baldintzak hobetzeak, gainean duten eskubaloi eta bestelako kirol jarduera hainbaten pistan hoberako eragitea aurreikusten du Udalak. Orain arte bertan pilatzen zen beroa hainbestekoa ez izatea, tenperatura baldintzak hobetzea espero dute.  

Hobekuntza proiektu zabalagoaren baitan
Lanok ez dira Udalak Kiroldegian egin asmo dituen hobekuntza puntualak. Eraberritze eta hobetze proiektu zabalago baten baitan kokatuak daude. Egitasmo horretako lehen fasea litzateke honakoa. Etorkizunean, zehazteke dago noiz, balizko bigarren fase batean, Kiroldegiko eraikin osoaren irisgarritasun baldintzak hobetu nahi dituzte. Hirugarren fasean aforoari dagozkion hobekuntzak bideratuko lituzkete eta laugarrenan, egun berritzen ari diren igerilekuen eremua uda garaian kanpoko erabilerarako baliatzeko lanak egitea litzateke asmoa. Horri begira, igerileku handia inguratzen duten leihoak handitu dituzte. Horri esker, argitasun handiagoa izango du eremuak. 

ZENBAIT DATU
Obren hasiera: 2018ko urria.
Aurrekontua: 760.000 euro inguru (Foru Aldundiaren 250.000 euroko diru-laguntza).
Lanok bideratzen ari den enpresa: Mariezcurrena.
Lanen xehetasunak: igerileku txikia handitu eta irisgarri bihurtzea. Igerilekuko instalakuntzen eta azpiegituren eraberritzea.
Proiektuaren sustatzailea: Usurbilgo Udala.
Laguntzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia.