Haur eta gazteenarekin batera, estreinakoz helduen pintura lehiaketa jaiotan

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 25a, 11:40

Guztiz errotua dagoen Usurbilgo jaietako Pintura Txapelketa 17. ediziora heldu da, arnasberriturik gainera! Haur eta gaztetxoek soilik ez, estreinakoz helduek ere parte hartu ahalko dute aurten. Honenbestez, 2 urtetik gorako herritar orok sortu ahalko du ostiral arratsaldeko 15:30etan hasita frontoian ospatuko den ekimenaren baitan, Santixabeletatik zer duen gustukoen.

Frontoian eta plazan proposatua dagoen gaiak iradokitzen diena paperean islatzen aritzen dira eta iaiotasun handia erakutsi ohi dute, Usurbilgo jaietan ospatu ohi den haurren pintura lehiaketako partaideek. Sarritan ikusi ditugu, haurrak txapelketara laguntzen dituzten helduak haurren zaintzan edo lehiakideei begira. Haientzat nahiz ekainaren 28an bazkalostean frontoira gerturatzeko moduan diren heldu guztientzako pintura lehiaketa antolatu da estreinakoz, hamazazpigarren ediziora heldu den haurren margolan txapelketarekin batera.

Honenbestez, orain arte pintura lehiaketako ikus-entzule izan direnak, esku hartzera igarotzeko aukera izango dute. Heldu nahiz haurrentzat, urtero moduan dakizuenez, gai bat proposatzen da eta haren inguruan marraztu behar izaten da. Hemen aurtengo sortze lanetarako hizpidearen eta lehiaketaren gainerako xehetasunen berri:

Heldu nahiz haurren pintura txapelketetako gaia:
“Santixabel jaietan zer da gehien gustatzen zaizuna?”.

Haurren 17. Pintura Lehiaketa
-2-16 urte artekoei zuzendua.
-Sariak: pintura materiala eta diploma.
-Sari kopurua: 11. Adin tartearen arabera: sari bat 2-4 urte artean, 5-13 urte artean urte bakoitzeko sari bat, 14-16 urte artekoen artean sari bat.

Helduen 1. Pintura Lehiaketa
-17 urtetik gorakoentzat.
-Saria: bi lagunentzako afaria.

Pintura txapelketako egitaraua:
15:30 
Lehiaketaren hasiera frontoian. Parte hartzaileentzako materiala bertan banatuko da. Antolakuntzaren gomendioa: orriaren azpialdean jartzeko euskarriren bat eraman (karpeta edo libururen bat…). Margotzeko materiala etxetik eraman daiteke.
-Lehiakideen sortze lanak gero frontoian jarriko dira ikusgai. Sariketako epaimahaiko kideen balorazio lana.
-Amaieran, sari banaketa.
Oharra: epaimahaiak ikusten badu bi txapelketetan aurkeztutako lanek behar besteko kalitaterik ez dutela, saria eman gabe gera liteke.

Zirriborro eta Eguneko Zentroko kideen lanen erakusketa
Aldaketarik ez bada, jaietako pintura lehiaketetako marrazki sarituak Sutegira eramango dituzte gero eta Santixabelak amaitu artean kultur etxeko aretoan izango dituzue ikusgai. Bertan izango dira baita urtean zehar Zirriborro tailerreko ikasleen eta Eguneko Zentroko erabiltzaileen sortze lanak; margolanak, eskulanak… Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ikusgai Sutegin, ordutegi honetan: goizez, 11:00-13:00 artean eta arratsaldez, 18:00-20:00 artean.