#Usurbilgojaiak19 Haurrek bi festa egun izango dituzte

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 28a, 08:55

Azken urteon ildotik, bi festa egun Usurbilgo jaietan etxeko txikienentzat; estreinakoz larunbat goizez eta egunpasa izango da uztailaren 1ean, astelehena. Eskaintza zabala osatu dute antolaketa lanetan buru-belarri aritu den guraso taldeak.

Seme-alabek jaiez gozatu ahal izateko lanean jarduten dute urtero gurasoek. Talde propioa osatzen dute Usurbilgo festetan etxeko gaztetxoenentzako eskaintza prestatzeko. Ez ahaztu, umeei zuzenduriko bi egun izango dira aurtengoan. 

Lehenengoa larunbatez. Estreinakoz, udaletxe aurreko plazan hasiko dute eguna, 10:00etan, Haurren Eguneko ereserkia dantzatuz. Zapi koadrodunekin agertu! Gero haur eta gaztetxoen adin tartearen araberako eskaintzaz gozatu ahalko dute. LH5-DBH 2 artekoak 10:30etan Kiroldegi atarian bilduko dira, Ikastola eta Kiroldegi bueltan egingo dituzten erronkako jolasei ekiteko. LH 1-4 artekoek ginkanako probez gozatu ahalko dute. Adi, taldeak gelaka antolatuko dituzte. Gela bakoitzeko kideak kamiseta kolore batekin agertzeko deia egin dute: 1A horia, 1B berdea, 2A zuria, 2B urdina, 2C arrosa, 3A beltza, 3B morea, 4A gorria, 4B laranja. Bai ginkanan, baita erronkan parte hartzeko aurrez izena ematea eskatzen dute gurasoek. Baina izena eman ez dutenek ere Haurren Eguneko jolasetara gerturatu eta parte hartu ahalko dute. Erronka eta ginkanarekin batera, 0-5 urte artekoentzat puzgarriak izango dira frontoian.

Astelehenean goizez jolas parkeak. Lagun arteko bazkariaren osterako berriz, apar festa, Tor magoa edota txokolate jana. Egunean zehar txu-txu trena, eta buruhandiak bitan!

Prezio bereziak feriagunean
Urtero moduan, anbulatorio ondoko aparkalekua feriagunean bilakatuko zaigu Usurbilgo jaietan. Prezio bereziak iragarri dituzte bi egunetarako; uztailaren 1eko Umeen Egunerako eta jaiak amaitu eta biharamunerako. Bai, Santixabelak hilaren 2an amaitu arren, egunbete gehiago zabalik izango da feriagunea. Prezio bereziak iragarri dituzte barraketan, uztailaren 3an ere.


USURBILGO JAIAK: HAURREN EGUNAK
Ekainak 29, larunbata
10:00 
Ume-gazteei harrera udaletxeko plazan. Zatoz koadrodun zapi urdina jantzita duzula, haurren eguneko abestia dantzatzera!
Umeen eguneko erronkak eta jolasak.
10:30-12:30 Ginkana (LH1-LH4 bitartekoentzat).
10:30-12:30 Gaztetxoentzako erronka (LH5-DBH2 bitartekoentzat).
10:30-12:30 Puzgarriak frontoian 0-5 urte artekoentzat.

Uztailak 1, astelehena
06:00 
Oilasko biltzaileen gosaria eta irteera, txosnetatik abiatuta.
10:00 Ume-gazteei harrera frontoian. Zatoz, koadrodun zapi urdina jantzita duzula, haurren eguneko abestia dantzatzera!
Egunean zehar,Txu Txu trena.
10:00-13:00 Jolas Parkea frontoian (6-12 urte bitartekoentzat).
10:00-13:00 Jolas parkea frontoian (6 urte artekoentzat).
12:30 Buruhandiak.
13:30 Umeen lagunarteko bazkaria frontoian, norberak etarrita.
14:30 Tor Magoa frontoian.
16:00 Apar festa Askatasuna plazan.
17:30 Txokolatea frontoian.
18:00 Buruhandiak.