Legealdi berrirako ardura banaketa eta ordezkarien izendapenak, udalbatzaren lehen erabakiak

Ekainaren 15ean udalbatza osatu eta udal ordezkariek kargua hartu ostean, 2019-23 legealdia abiatzeko urrats erabakigarria eman zuten arteartean egindako lau urteotako lehen osoko bilkuran; 2023ra arteko udal antolaketa finkatzea. Lerrootan bildu ditugu udalbatzak hartutako lehen erabakiak.

Udalbatzarraren osoko bilkurak, azken ostegunetan
Udal gobernu talde berritik orain arte bezala hilero azken astearteetan egiten segitzeko agertutako ezintasunagatik, plenoak aurrerantzean hilero azken ostegunetan egitea proposatu zuten. Horretarako ordea ezinbestekoa da udal arautegia aldatzea eta araudia aldatzea onartu zuen udalbatzak astearteko legealdi honetako lehen osoko bilkuran. Orain arte bezala hilean behin deituko ditu alkateak ohiko plenoak, baina aipatu moduan aurrerantzean hilero azken ostegunetan. Aldaketa hau behin behinean onartu da. Orain 30 eguneko erreklamazio epea zabalduko da, behin betiko onartu aurretik. Erreklamazio edo iradokizunik ez balego, behin betiko onartutzat joko da.

Hiru udal talde politiko
13 udal ordezkariz osatua dago udalbatza; gogoan izan, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako emaitzei esker, EHBilduko 8 ordezkari, EAJ-ren 4 ordezkari eta PSE-ren ordezkari batekin. Aurrekoetan bezala, hiru udal talde politiko eratu dira 2019-23 legealdirako ere:
-EHBildu udal talde politikoa: Agurtzane Solaberrieta Mesa (bozeramailea), Beñat Larrañaga Urdanpilleta, Lur Etxeberria Gurrutxaga, Joxe Mari Iribar Zapirain, Aroa Etxeburua Ugartemendia, Luken Arkarazo Silva, Oskar Santamaria Pikabea eta Itziar Basterrika Unanue.
-Usurbilgo EAJ-PNV udal talde politikoa: Josune Urkola Larrarte (bozeramailea), Mirari Azurmendi Sorazu, Andoni Atxega San Sebastian eta Carlos Pérez Fraisoli.
-Udal-Talde Sozialista udal talde politikoa: Patxi Súarez Pérez (bozeramailea).

Orain arteko batzorde informatzaileak
Aldaketarik ez. Aurreko legealdian bezala, abiatu berri dugun honetan ere 11 batzorde informatzaile izango ditu Udalak. Izen berari eutsiko diote. Batzorde bakoitza bost udal ordezkariz osatuko da. EHBilduk hiru ordezkari izango ditu, ordezkari bana EAJ-k eta PSE-k. Proposamenaren alde agertu ziren EHBildu eta PSE. EAJ abstenitu zen. Udal gobernu taldetik Agurtzane Solaberrieta alkateak nabarmendu zuenez, udal talde politiko guztien parte hartzea bermatu nahi da batzordeotan:
1-Hirigintza.
2-Zerbitzuak.
3-Antolaketa.
4-Ongizatea.
5-Nekazaritza eta Ingurumena.
6-Kultura, euskara eta gaztedia.
7-Kirola.
8-Parekidetasuna eta aniztasuna.
9-Ogasuna.
10-Hezkuntza eta Tokiko Garapena.
11-Pertsonala.

Hiru liberatu: alkatea eta bi alkateordeak
Aurreko legealdietako formula bera errepikatuko du EHBilduk; alkatea eta bi alkate ordeak liberatuko ditu. Lanaldi osoz jardungo dute udalean alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak eta izendatu diren bi alkate ordeak; Beñat Larrañaga Urdanpilleta eta Lur Etxeberria Gurrutxaga. Alkateak zenbait eskumen eskuordetuko ditu; Etxeberria alkateordearen esku utziko du Ogasuna zuzendu eta kudeatzeko ardura, "kreditu eragiketak hitzartzea eta faktura zerrendak onartzea" izan ezik, zereginok alkatearen esku geratuko baitira. Larrañagaren esku "zigor-jardunbideari hasiera ematea udalaren eskumeneko edozein arlotan eta instrukzio organoa izendatzea, zigor-jardunbidea ebazteko organo eskuduna alkatea izango delarik".

Kobratuko duten soldata zehazteko irizpidea EHBilduk finkaturikoa eta aurreko legealdietan baliatu izan duten bera izango da. Alegia, liberatuek udal karguetara heldu aurretik zituzten lanpostuetako ordainsari bera izango dute. Proposamenaren alde agertu ziren EHBildu eta PSE. EAJ abstenitu zen. Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) finkatuak dituen ordainsarien taula aplikatzearen alde agertu ziren jeltzaleak, alkateordeetako batek alkateak berak baino ordainsari altuagoa kobratzea ulertezintzat jotzearekin batera. Udal gobernu taldetik erantzun zitzaien esanez EHBilduren irizpidea dela aplikatzea erabaki dutena eta herri batzarraren babes osoa dutela horretarako. 

Tokiko Gobernu Batzarreko ordezkaritza
Udalbatzarraren osoko bilkuraz gain, Tokiko Gobernu Batzarrak ere hainbat erabaki hartzeko eskumena du. Astearteko plenoan, aipatu batzar horretako ordezkaritza zehatu zuen udal gobernu taldeak. Beñat Larrañaga, Lur Etxeberria, Joxe Mari Iribar eta Itziar Basterrika izango dira ordezkariak.

Beste organo eta erakundeetako ordezkaritza
Udal barruko ardurak soilik ez, UEMA, EUDEL, Euskal Fondoa, Eskola Kontseiluak, Behemendi, Añarbe Mankomunitatea, San Marko Mankomunitatea, Garbitania, Udalbiltza, Elhuyar Fundazioa eta Beterri Buruntza gisako organo edota erakundeetan Udalak izan beharreko ordezkaritza ere zehaztu zuten astearteko udalbatzaren 2019-23 legealdiko lehen osoko bilkuran.

Gehiengo osoz onartu ziren EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin, EAJ abstenitu zen. Udal gobernu taldetik ordezkaritza lan hau oposizioko taldeetara hedatzeko aukera planteatu zuten. UEMA-n esaterako, EAJri bertan parte hartzeko gonbitatu luzatu zien. Momentuz ordea, EHBilduko kideek ordezkatuko dute Udala aipatu beste organo eta erakundeotan:
-UEMA: Agurtzane Solaberrieta, Oxkar Santamaria, Luken Arkarazo eta Aroa Etxeburua izango dira ordezkariak. Beñat Larrañaga, Lur Etxeberria, Itziar Basterrika eta Joxe Mari Iribar ordezkoak.
-EUDEL: Agurtzane Solaberrieta ordezekaria. Beñat Larrañaga ordezkoa.
-Euskal Fondoa: Aroa Etxeburua ordezkaria. Itziar Basterrika ordezkoa.
-Eskola Kontseiluak: Beñat Larrañaga ordezkaria. Itziar Basterrika ordezkoa.
-Behemendi: Joxe Mari Iribar ordezkaria. Oxkar Santamaria ordezkoa.
-Añarbe Mankomunitatea: Lur Etxeberria ordezkaria. Agurtzane Solaberrieta ordezkoa.
-San Marko Mankomunitatea: Agurtzane Solaberrieta eta Joxe Mari Iribar ordezkariak. Lur Etxeberria eta Beñat Larrañaga ordezkoak.
-Garbitania: Lur Etxeberria ordezkaria. Agurtzane Solaberrieta ordezkoa.
-Udalbiltza: Beñat Larrañaga ordezkaria. Agurtzane Solaberrieta ordezkoa.
-Elhuyar Fundazioa: Agurtzane Solaberrieta ordezkaria.
-Beterri Buruntza: Agurtzane Solaberrieta eta Beñat Larrañaga ordezkariak. Lur Etxeberria eta Itziar Basterrika ordezkoak.