Hondakinen kudeaketari lotutako bi helegite aurkeztuko ditu Udalak

Bat, Gipuzkoako Batzar Nagusiek martxoaren 20an onarturiko Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Planaren foru arauari. Bestea, Eusko Jaurlaritzak apirilaren 9an auzokonpostarako azpiegiturak eta jarduerak arautzeko onarturiko dekretuari. Bi helegiteon gaineko xehetasunak, 2019-23 legealdiko udalbatzaren lehen osoko bilkuran aurkeztu zituen udal gobernu taldeak.

Alegazioa Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrari
Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2019-30 urte arterako onarturiko Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren foru arauari helegitea aurkeztuko dio Usurbilgo Udalak, astearteko 2019-23 legealdiko udalbatzaren lehen osoko bilkuran udal gobernu taldetik berri eman zutenez. Udala ordezkatuko duten abokatu eta prokuradoreak izendatu zituzten. Erabaki honen alde bozkatu zuen EHBilduk. PSE abstenitu zen, eta EAJ-k aurka bozkatu zuen.

Modu honetan, aurreko udal gobernu taldeak hartutako erabakiari erabateko babesa adierazi dio egungo taldeak, "usurbildarren eskubide eta interesak ez daudelako behar bezala babestuak" Agurtzane Solaberrieta alkateak atzoko plenoan zioenez. Aipatu foru planak hainbat azpiegitura proposatzen ditu, eta Solaberrietaren esanetan, "ez zaie bidea batere errazten tokiko azpiegiturei". Esaterako Usurbilgo hondakinak tratatzeko auzokonpostatze esperientziei bezalako guneei. Horregatik, udalerri honek duen hondakinen kudeaketa politika jasangarri eta propioen defentsan aurkeztu du helegitea. 

EAJ-tik Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Planak jasotakoa defendatu zuen, Gipuzkoako Batzar Nagusiek gehiengoz onarturikoa izan zela gogorarazita. Udal gobernu taldetik helegitea "herri honen mesedetan" aurkeztuko dela erantzun zien alkateak jeltzaleei, tokiko azpiegitura jasangarriak sustatze aldera. Gero "epaitegiak ikusi beharko du, eskubide urraketarik egon den edo ez". 

Alegazioa Eusko Jaurlaritzaren dekretuari
Eusko Jaurlaritzaren apirilaren 9ko "komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueren araubide juridikoa eta baldintza teknikoak ezartzen dituen" dekretuaren aurkako helegitea aurkeztuko du Usurbilgo Udalak, udal eskumenak urratzen dituela eta. Udala ordezkatuko duten abokatu eta prokuradoreak izendatu dituzte. Honen berri eman zen atzoko plenoan. Erabaki honen alde bozkatu zuen EHBilduk. PSE abstenitu zen, eta EAJ-k aurka bozkatu zuen.

Udal gobernu taldetik begi onez ikusten dute konpostatze jarduerak eta azpiegiturak arautzea, baina Jaurlaritzak "neurri zorrotzegiak" hartu dituela ohartarazten dute eta ondorioz, "udal eskumena, autonomia kaltetuta geratzen da", alkate Agurtzane Solaberrietak astearteko udalbatzaren osoko bilkuran zioenez. Helegitea horretara dator, "udal eskumena aldarrikatzeko helburuz". 

EAJ-tik Jaurlaritzak finkatutako baldintzak onartu beharrak zeudela adierazi zuten. Udal gobernu taldetik erantzun zieten "ez dugu esaten bete behar ez dugunik", baina beti ere ohartarazten zutenez, "udal eskumena kaltetu gabe".