Alerta laranjan beroaldiagatik 21:00ak arte

Artxiboko irudia.

Gure inguruan abisu horian izango ginela iragarria zegoen arren, abisu horitik alerta laranjara igaroko gara ostegun eguerdi honetan beroaldiagatik. 21:00ak arte izango gara alerta laranjan. 35 graduko tenperatura izan dezakegu. Gero gauerdira arte abisu horian segiko dugu tenperatura altu iraunkorragatik.

Gain gainean dugu udako lehen beroaldia. Alerta laranjan izango gara ostegun eguerdiko 12:00etatik 21:00etara, "tenperatura oso altuengatik". 35 graduko tenperatura izan dezakegu gure inguruan. Barnealdean ia 40 gradutara heldu daitezke.

Alerta laranjarekin batera abisu horian izango gara gauerdira arte, "tenperatura altu iraunkorragatik".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Ekainak 27, osteguna
"Ostegunean tenperaturak gora egingo du berriro eta barnealdeko altuenak 38-42 ºC ingurukoak izango dira. Kostaldean balioak hain muturrekoak izango ez badira ere, atzo baina gehiago igoko da tenperatura. Eguzkia jaun eta jabe, tarteka hodeigune batzuekin. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, barnealdeko zenbait lekutan bizi. Arratsaldean zehar, baliteke kostaldean galerna sartzea; haizea bat-batean eta zakar edo oso zakar aldatuko da ipar-mendebaldera eta tenperatura 8-10 ºC jaitsi liteke ordubetean zonalde honetan".

Ekainak 28, ostirala
"Ipar partean tenperatura maximoak ostegunekoak baino 8-10 ºC beherago eta barnealdean, aldiz, bero itogarria. Isurialde atlantikoan eguerdi partean ipar ukituko haizea ibiliko da eta ondorioz tenperatura ez da ostegunean haina igoko. Araba eta Nafarroa erdi eta hegoaldean, berriz, hego-ekialdeko haizea gailenduko da eta bero zakarrak jarraipena izango du, 35-40 ºC ko maximoak neurtuko dira. Ipar partean, goizean goiz eta iluntzetik aurrera behe-hodeiak ikusiko baditugu ere, eguerdi partean giro eguzkitsua nagusituko da. Barnealdean, zerua oskarbi edo hodei gutxirekin mantenduko da".

Ekainak 29, larunbata
"Larunbaterako ez da ikusten aldaketa nabarmenik. Ipar isurialdearen eta hegoaldearen artean tenperatura diferentzia nabarmena izango da. Ipar isurialdean brisak leundu egingo du tenperatura eta maximoak 30 ºC ingurukoak edo baxuagoak izango dira, aldiz hegoaldean 40 ºC-ra hurbilduko dira. Hegoaldean oskarbi egongo da, baina hautsak apur bat lausotuko du urdina; iparraldean behe-hodeien tarte hodeitsuak izango ditugu, ugariago goizean eta egun amaieran".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus