Espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta, etxean behar luketen arren, Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean preso segitzen dute Olatz Lasagabasterrek, Patxi Urangak eta haien alaba Xuak. Urtarrilean 3 hiru urte beteko ditu Xuak eta espetxetik irten beharko du gurasoak bertan utzita. Hirurak ez bereiztearen alde lan egiteko sortu da berriki "Xua guasoekin etxera" herri ekimena. Izenburu bera darama eta hirurek bizi duten errealitatea islatzen dute 43. Bertsopaper Txapelketako lan irabazleak. Jon Aizpurua Esnaolarena da bertso sorta hau.
Bart izan da sari banaketa, frontoian ospatu den bertso-saioaren amaieran. Bigarren saritua Uxue Fernandez Lasa eta bere "Kanpotik", Usurbila bizitzera datorren lagun baten herri ikuspegia biltzen duen izeneko bertso sorta.
Guztira sei lan aurkeztu dira 43. Bertsopaper Txapelketa honetara. Sei lanon artean Aizpurua eta Fernandezenak saritzea erabaki du, Joxe Kruz Labakak, Kerman Rekondok eta Jurgi Fuentesek osatutako epaimahaiak.
Inaxio Usarralde gai jartzaile aginagarraren aginduetara aritutako Miren Artetxe, Oihana Bartra, Aitor Mendiluze eta Julio Soto laukoteak eskainitako bertso saioaren amaieran eman ziren ezagutzera 43. Bertsopaper Txapelketako lan sarituak. Hemen dituzue:
43. BERTSOPAPER TXAPELKETA
LEHEN LAN SARITUA
Xua gurasoekin etxera
Egilea: Jon Aizpurua Esnaola.
Doinua: Atmosferatik atera eta
Atzerri hurbil baten sortua
Ez da kasualitatea
Ez da bidaia baten erdian
Jaiotzearen zortea
Ez gurasoak atzerritarrak
Direnaren bertutea
Erabaki bat askea?
Amodio pasartea?
Da familiak zigortzearren
Kilometroen katea
Urrun jaiota etxeko denak
zigortu nahi izatea.
Bi urte t’erdi Izarren hautsa
Xua bilakatu zela
Baten garratzak berri eztiaz
Jaso zuela epela
Bi urte t’erdi usurbildar bat
Sortzez urrundu zutela
Etxe bezala kartzela
Zelda da haurraren gela
Ate kolpeak, ordutegiak,
Oihuak ta zentinela
Hamabi metrok amarengana
Erabat lotzen dutela.
Zelda batean, hamabi metro,
Bi ohe eta apala
Bainu txiki bat, leiho ñaño bat
Ta biak hor nola hala
Jolaserako ta bizitzeko
Ai ama! Zenbat kabala?
Egoera anormala
Berezko balitz bezala
Xua etxean hobeto dago
Inork duda ez dezala!
Baina haur batek aberria du
Bere amaren magala.
Zilbor-heste hau, hain da estua,
Erabateko lotura
Egun osoan ama-alabak
Atxikirik da ohitura
Egutegian bada ordea
Lege-artazizko muga
Kolpe lehorrezko puda
Behingoz herrirako muda
baina bakarrik etxeratuta
horren malkar da helmuga
halako zigor bat jasotzeko
haur batek zer egin du ba?
Inor akaso, ohartuko zen,
Hutsuneren bat badela
Inork akaso ikusiko du
Egoeraren krudela
Aita bat izan badela baina
Ukatu nahi diotela
Asteroko erregela
Bi ordutako epela
Ondo dakite maitasun horrek
Ihes egiten diela
Barrote eta hormen gainetik
Aita-alabak direla.
Eguneroko horri begira
Poltsa harritxoz bete da
Ikastolatik nork jasoko du?
Nork eramango parkera?
Nork negar malkoz larri denean
Muxu eman ta sosega?
Aldaketa hau kolpera
Nahiz ta bidali etxera
Motxila handi eta astun bat
Umetxoari gainera
Poltsa arintzen saia gaitezen
Ez utzi galtzen aukera.
Matematika kontu batekin
Laburtu liteke dena
3 urteak bete orduko
Heren batentzat azkena
Nahiz hiru laurden beteak izan
Hamabikoa kondena
Hamarrekin aski zena
Justizia omen dena
Ta ia seiehun kilometrora
Familiaren eskema
Hau da mendeku ta amorruzko
Ekuazio ankerrena.
Garai berriak hasi zirela
Esan izan dugu alai
Etxean denok, arduragabe,
Bizi gaitezkela lasai
Baina ez al da gizarte gaixo
Baten azal eta bisai
Ohe hutsak dira nonahi
Gartzeletan umeak zai
Norberak bultza dezan beretik
Ordua iritsi da ai!
Xua etxera ekar dezaten
Ta gurasoak ere bai!
BIGARREN LAN SARITUA
Kanpotik
Egilea: Uxue Fernandez Lasa.
Doinua: Abokatuak deitu berri dit.
1. Atzean utziz jaioterri bat,
ezagun, lagun, famili,...
Duda ta kezkak, alde batetik,
bestetik, ze kili-kili!
Oroitzapenen kutxa barruan
zenbat arantza ta lili,
aurrez antzera gertatu arren
hamaika neska-mutili,
sentimenduak bertsotan jarriz
hainbat bizipen hurbili,
bertara iritsi berri den baten
begirada Usurbili.
2. Udazkenaren atarian zen,
barru-dantza, nahastea,
bateko kaxa, besteko poltsa
ta auskalo nongo trastea.
Udal erroldan alta emanda
herrira ohitzen hastea,
aldaketaren egarri nola
maiz izaten den gaztea,
mendialdetik kostalderaino
berez bada kontrastea,
baina gutxitan sentitu izan naiz
hain ziur bezain askea.
3. Lana medio edo bisitan
etorri ohi nintzen ni lehen,
lehen asteko begiradetan,
baina, zer suma nenbilen,
jakin-minez blai batzuk galdezka
abilenetan abilen:
“ze arraroa zu hemen bizitzen”,
“ta, nolatan Usurbilen?”,
ze axola dio Bilbo, Hendaia,
Oion edo Errezilen,
zer dela eta esan behar diot
nori non nola nabilen?
4. Konplexua da sarri jakiten
noiz ta norengana batu,
kultur arloan nahiz kirolean
zein esparrutan kokatu,
eskaintza zabal ta hain betetik
zein jarduera hautatu,
bi gurpiletan Bordatxo edo
Andatzara abiatu,
ideia argi ta buru-janak
zein modutan orekatu,
herriz soilik ez ni ere ez dakit
ez ote naizen aldatu.
5. Arratzainera igo izan naiz
oinez arnas berri bila,
Santuenetik entzun izan dut
San Estebango ezkila,
korrikan, lasai, joan izan naiz
Erriberatik Mapila,
Askatasuna plazan ikusi
jolasten ume koadrila,
nik ere izan dut hizketa leku
Dema plazako petrila,
martxan doa ta zertan gelditu
bizipozaren gurpila.
6. Herri hau zer zen deskribatzeko
nire aurreko gogoetan
kulturgintzaren iparra nuen
Joxan Artze ta Zumetan,
abesti baten hitzetan jaso
zen elizako paretan,
Aizkorrin jaio ta Orion hiltzen
den Oriako errekan,...
Ilusio ta asmo berriak
sartuagatik maletan
espero baino askoz sorpresa
gehiago gordeta zeukan.
7. Lehendik lagun nituen zenbait
orain are gertuago,
ezagun soilak zitezkeenak
lehen baino lagunago
ta ezezagunak zitzaizkidanak
apur bat ezagunago,
hartu-emanak sendotzen segiz
egunez egun oparo
gaur sentitzen naiz atzo baino ere
pixkat usurbildarrago.
Nolako herria eraiki nahi den
gu guztion esku dago.
6. Herri hau zer zen deskribatzeko
nire aurreko gogoetan
kulturgintzaren iparra nuen
Joxan Artze ta Zumetan,
abesti baten hitzetan jaso
zen elizako paretan,
Aizkorrin jaio ta Orion hiltzen
den Oriako errekan,...
Ilusio ta asmo berriak
sartuagatik maletan
espero baino askoz sorpresa
gehiago gordeta zeukan.