Duela aste gutxi kaleratu zituen Udalak behin betiko onartu zituen hainbat diru-laguntzen ebazpenak: gizarte ongizatekoak, kulturakoak, kiroletakoak, nekazaritza eta abeltzaintzakoak, ingurumenekoak... Deialdi berriak iragarri ditu asteotan. Batetik, Kabiene Elkarlan Gunean urtebeteko egonaldia egitea ahalbidetuko duen Hasiz Hazi beka deialdia; eta aisialdiko begirale edo zuzendari izateko nahiz euskara ikasteko ikastaroak egin dituztenentzat, ikastarook diruz laguntzeko deialdiak.
Hasiz Hazi beka deialdi berria
Kabiene Elkarlan Gunean diruz lagundutako urtebeteko egonaldia egitea ahalbidetzen duen beka deialdi berria iragarri du Usurbilgo Udalak. 2019. urtean enpresa proiektu berri bat duen Beterri-Buruntzako udalerriren batean erroldatua dagoen ekintzaileari zuzendua dago deialdia. “Elkarlan gune hau, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izango da. Bekadunek bertan lanean ari diren kideen esperientziatik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartuago batekin ekin ahal izango diote lanari”. Horrekin batera, “Beterri-Buruntza ekinean, enpresak sortzen laguntzeko aholkularitza zerbitzuaz baliatu ahal izango dira”. Informazio gehiago, maiatzaren 31ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean edo udaletxean. Eskabideak aurkezteko irailaren 30era arteko epea izango dute interesdunek.
Aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako diru-laguntza deialdia
2018-19 ikasturtean ikastarootakoren bat egin duen 16 urtetik gorako usurbildarrak eskatu ahalko du Usurbilgo Udalaren diru-laguntza, ekainaren 24tik uztailaren 5era (bi egunok barne). Horretarako, Usurbilen erroldatua egon behar du, ikastaroa euskaraz egina izan eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea eskatzen da. Baita "ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea. Araututako epearen barnean (2021eko uztailaren 30a baino lehen) titulua lortu ezean, itzuli egin beharko zaio udalari jasotako dirulaguntza".
Aurkeztu beharko duen dokumentazioa: dirulaguntza eskari normalizatua, eskatzailearen NANaren fotokopia, matrikularen ordainagiria, atal teorikoa gainditu izanaren agiria...
Ikastaroon %50a diruz-laguntzeko aukera eskaintzen du Udalak. Begirale izateko ikastaroen kasuan, gehienez ere 250 euroko laguntza, aisialdiko zuzendari ikastaroaren kasuan, gehienez 170 euroko laguntza iragarri du. Informazio gehiago: ekainaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
Euskara ikasi dutenentzako diru-laguntza deialdia
"Usurbilgo Udalak oso garrantzitsutzat irizten dio helduen euskalduntzean eta alfabetatzean eragiteari. Horregatik hain zuzen ere, aurrekontu partida bat ezarri du 2018-2019 ikasturtean zehar euskalduntze ikastaroetara joan diren Usurbilgo biztanleei bekak emateko". Honenbestez, ikasturte honetan, iazko irailetik aurtengo abuztuaren 31ra arte euskara ikasten aritu diren 16 urtetik gorako Usurbilen erroldaturiko herritarrentzat diru-laguntza deialdia iragarri du Udalak.
Azken urteon ildotik, Usurbilen euskara doan ikasteko aukera eskaintzen du Udalak. Hain zuzen, matrikula kostuaren %100eko diru-laguntza jaso daiteke (600 euroko mugarekin). Diru-laguntzok jasotzeko ikastaro osoan %80ko asistentzia izatea ezinbestekoa izango da, eta Euskaltegiaren ziurtagiri bidez gutxieneko aprobetxamendua gainditzea. Diruz lagunduko ditu Udalak: HABEk homologatutako ikastaroak (modulazio ezberdinetakoak, alfabetatze ikastaroak, autoikaskuntza...) eta homologatu gabeak (modulazio txikikoak).
Eskaerak ekainaren 24tik uztailaren 5era (bi egunok barne) aurkeztu ahalko dira, dokumentazio honekin: dirulaguntza eskari normalizatua, eskatzailaren NANaren fotokopia, matrikularen ordainagiria, asistentzia egiaztagiria...