Odol ematea, 18:00-20:30 artean anbulatorioan

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 8a, 10:11

Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak finkatua du bi hilean behin deitzen duen hurrengo hitzordua. Odola emateko aukera, astelehen honetan (uztailak 8) 18:00-20:30 artean anbulatorioan.

Usurbilgo Odol Emaileen Elkartetik haien jarduera ezagutarazi eta usurbildarron laguntza eskatu nahi digute, denok bizi ahal izateko ezinbestekoa dugun odola ematen hasi edo segitzeko. “Denok gara hartzaile potentzialak; izan gaitezen emaile errealak!”. 

Aipatu elkartetik NOAUA!ri adierazi diotenez, “normaltzat hartzen dugu istripu, ebakuntza edo gaixotasunen baten ondorioz odola behar izanez gero, medikuek hura eskura izatea. Odol-erreserbak agorrezinak izango balira bezala! Eskubidetzat jotzen dugu, baina oraindik behintzat odola ez da laborategian ekoiztu daitekeen ondarea; denon zainetan dagoenak egiten du posible besteentzako bizi-aukera hori”, ohartarazi dute Usurbilgo Odol Emaileen Elkartetik. 

Odol emateak beherantz
Kezka agertzen dute, odola beharrezkoa izan arren, odol emate kopuruak behera egin duelako azken urteotan Gipuzkoan. “Batez ere 22-34 urte arteko odol-emaile kopuruan nabaritzen da murrizketa hori. Usurbilgo datuek ere joera bera islatzen dute, eta esaterako, 2017an eta 2018an odol emaileen elkarteak esperotakoak baino 75 emaile gutxiago izan ditugu”, zehaztu dute. 

Horregatik usurbildarrak odola ematera animatzen gaituzte. “Odol ematea 7-8 minututan egiten da, aurreko mediku kontsulta eta ondorengo mokadutxoa kontuan hartuta, 30 bat minutu behar dira. Gizartearekiko elkartasuna azalduz, Usurbilgo anbulategian egiten ditugun odol-emate egunetan bertaratzera gonbidatzen zaituztegu. Iaz, 143 usurbildarrek 253 emanaldi osatu zituzten. "Milesker guztioi!”.

Odola emateak urtean sei konpromiso izatera lotzen gaitu. Urtarrila, martxoa, maiatza, uztaila, iraila eta azaroko lehen astelehenetan, 18:00-20:30 artean Usurbilgo anbulatoriora joatera. Gogoan izan, “18 urtetik gora izan eta osasun baldintza batzuk betez gero, edonor izan gaitezke emaile”. 

Odola emateko bete beharreko baldintzak
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Informazio gehiago:
donantes2punto.eus
943 31 70 91