421 lagun izena emanda jada, Uxue Trail lasterketarako

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 4a, 09:42

Larunbatean estreinakoz ospatuko den Usurbilgo mendi lasterketa solidariorako izen emate kopurua goranzko bide argian da egunotan. Ostegun goiz honetarako jada 421 lagun zeuden apuntatuta. Andatza inguruak zeharkatuko dituen proba herrikoia, Phelan-McDermid Sindromea duen Uxue Martin gaztetxoaren aldeko ekimen solidarioa izango da. Adi, ostiral gaueko 22:00etan itxiko da izen ematea. Proba, larunbat goizeko 9:00etan abiatuko da frontoitik.

Phelan-McDermid Sindromea ezagutarazi eta gizartea gaixotasun honekiko sentsibilizatzea da lasterketaren helburu nagusia. "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa ezagutarazteko antolatu dugu Andatza mendian zehar ibiliko den mendi lasterketa hau", berri eman du antolakuntzak. Gaixotasun honi buruzko informazio gehiago, hemen: 22q13.org.es 

Ohartarazi dutenez ordea, "sindromearen ikerketarako ere ahalik eta laguntza gehiena eman nahiko genuke". Laguntzeko bide ezberdinak izango ditugu; batetik, Uxue Trail proban izena eman eta lasterketan parte hartzea uztailaren 6an. Bi distantzietako proba, proba motza edo luzea egin ahalko da. Lasterka aritu nahi baina ezin duenak, badu elkartasuna adierazteko beste modu bat ere; dortsal solidarioa eskuratzea. Alegia, nahiz eta lasterketan ez parte hartu, aipatu sindromearen ikerketara bideratuko den diru ekarpena egin daiteke. Guztia, kronoak.com atariaren bidez.

UXUE TRAIL
Eguna: uztailak 6, larunbata.
Abiatzeko hitzordua: 9:00etan, Usurbilgo frontoitik.
Bi proba aukeran: 
-Luzea: 20 km. Prezioa: 20 euro.
-Motza: 11 km. Prezioa: 15 euro.
-Dortsal solidarioa. Donazioa.
Izen ematea: kronoak.com atarian, uztailaren 5eko gaueko 22:00ak arte.
Oharra: oparien zozketa lasterketa amaieran, parte-hartzaile guztien artean.