Laboaren Uztaila giro ederrean jarri du martxan eMek

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 5a, 08:37

Laboaren Uztaila urtero antolatzen da ostegunetako afalosteetan. Aurten eMe Usurbilgo taldearen kontzertua izan da lehenengoa. Haritz Harreguyk, Nora Izagirrek eta Ruben Caballerok 2016an osaturiko taldea da eMe. Beleak Elurretan diskoa kalean dute eta abesti berriak sortzen dabiltza egun. Gaurkotasun handiko pop musikaren esparruan dihardute lanean. Jende dezente hurbildu da bart, Mikel Laboa plazara hirukote honen kontzertua jarraitzeko. Datozen asteetan Satelitik, Pelax eta MICEk hartuko diote erreleboa eMeri.

LABOAREN UZTAILA
Tokia:
 Mikel Laboa plaza.

Uztailak 11, osteguna 
22:00 Satelitik.
"Beran sortutako folk musika taldea. Satelitik taldea Le Trois Satelite taldearen formazio haunditu izanaren izen aldaketatik dator. Larrungo gainetan lanean batu eta lanetik ihesteko hasitako proiektua da. Besteak beste, Dama eta Borrokaneko taldeetako jendea ere biltzen du talde honek. Musika akustikoa da, akordeoia eta kontrabaxua nagusi direlarik". Informazio gehiago: satelitik.bandcamp.com/releases

Uztailak 18, osteguna
22:00 Pelax 
"Pelax bakarka. Aurtengo maiatzean diska berria atera duen arren oraingoan bakarrik eta bere bilakaeran zehar sortutako abesti guztien errepaso bat egingo du, bertsio eta inprobisazioren bat ere tartekatuz". Infomazio gehiago: pelax.bandcamp.com

Uztailak 25, osteguna
22:00 MICE.
"Urte luzez hainbat proiektutan ibili eta gero Miren Narbaizak bere bakarkako bideari ekin dio. MICE izenpean kaleratu du bere debuteko lana. Zortzi kantu, zortziak bereziak, orain arte egindako bidetik ikasi duena eta erakusteko gogoz zegoena doinuetan jarri nahi izan du eibartarrak. Atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe, ahotsa denaren gidari eta Atala estudioko soinu sendo eta dotorea oinarrian duela, garai bateko lanek bezala, zintan jasoa. Napoka Irian hasi zen Miren musikaren munduan, Ander Mujikarekin batera makina bat kontzertu, bost argitalpen eta hamaika bizipen konpartituz. Ordutik ez da geldi egon, Perlak, Joseba B. Lenoir edo Dual Split taldeetan ere ikusi ahal izan dugu gitarra, teklatuak eta ahotsarekin lagunduz. Orain, besteekin konpartitzeaz gain, bere barrurako bidaia egiteko tenorea iritsi zaio, bere lanik eta pertsonalena".
Informazio gehiago: badok.eus/euskal-musika/mice/mice/