Amaitu da alerta aldia

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 9a, 08:00

Euri jasengatik indarrean zen alerta aldia desaktibatu du Euskalmet meteorologia agentziak, datozen orduotan "eguraldiak eginkortzera egingo du".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Uztailak 9, asteartea
"Eguraldiak egonkortzera egingo du eta kostaldetik gertu goiza euripean igaroko dugun arren, arratsalderako atertuko du eta ostarteak zabalduko dira. Goizean, kantauri isurialdean euria ia etengabe egingo du, bereziki kostaldean, baina eguerditik aurrera atertzera egingo du eta hodei geruza saretuz joango da. Barnealdean aterrune luzeak izango ditugu goizean eta arratsaldean giro argi samarra aurkituko dugu bertan. Haizea ipar/ipar-mendebaldetik sartuko da eta tenperaturak berdin jarraituko du".

Uztailak 10, asteazkena
"Asteazkena eguzkitsu dator eta tenperaturak gora egingo du. Goizean goiz behe-lainoa sortuko da ohiko bailaretan, baina goizean bertan altxatuko du eta eguzki giroaz goza ahal izango dugu; tarteka goi-hodei fin batzuk sartuko dira baina ez dute traba handirik egingo. Haizea nora ezean ibiliko da hasieran eta eguerdi partean iparraldetik finkatuko da. Egunsentia freskoagoa izango da, baina eguneko tenperaturak gora egingo du eta beroenak 22-27 ºC artekoak izango dira, balio altuenak barnealdean neurtuko ditugu".

Uztailak 11, osteguna
"Ostegunean uda itxurako giroa izango dugu. Baliteke kostaldetik gertu laino maskal batzuk sartzea, bereziki ekialdean, baina salbuespena izango da eta zeru urdinean eguzkia jaun eta jabe izango da. Tenperaturak beste koska bat egingo du gora, batez ere barnealdean, bertan 30 ºC-ra igoko da; kostaldean berriz, brisa altxatuko da eguerdi partean eta beroenak 25 ºC-koak izango dira".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus