Harria Hitz bisita gidatua larunbatean, serigrafia tailerrarekin

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 9a, 10:10

Harria Hitz bisita gidatua egiteko aukera berri bat izango da uztailaren 13an. Izena ematen dutenek Txokoaldeko Txalaparta Txokoa eta Zumeta Arte Estudioa ezagutu ahal izango dute. “Horrez gain, Usoa Zumetarekin batera serigrafia tailerra prestatu dugu”, ibilbidearen sustatzaileek aditzera eman digutenez. Serigrafia teknika ikasi eta norberak bere kamiseta estanpatzeko aukera izango du.

NOAUA! Uztailaren 13ko bisita gidatua Zumeta Arte Estudiora hurbilduko da. Ez da lehen aldia, ezta?

Usoa Zumeta: Harria Hitz ibilaldia osatzen dutenek Txokoaldeko Txalaparta Txokoa edota Zumeta Arte Estudioa bisitatu ohi dute. Batzuetan biak bisitatzen dituzte egun berean.

 

Uztailaren 13an halaxe egingo da. Izena ematen duenak bi txokoak ezagutzeko aukera izango du. Zuen kasuan, zertan datza bisita?

Estudioko hiru espazioak erakusten ditugu. Serigrafia tailerra, pintura tailerra eta erakusketa gela. Oraingo honetan, tailertxo bat ere eskainiko dugu.

 

Bisita goiz partean egingo da. Tailerra arratsalde partean eskainiko duzu eta umeei zuzendua egongo da, ezta? 

Horrela planteatu dugu, bai. Harria Hitz bisita gidatua sustatzen dutenen ideia izan zen. Donostiako San Telmo museoan eta Bilboko FIG azokan eskaini izan ditut antzeko tailerrak. Aspalditik dabiltza horren atzetik eta uztailaren 13an lehen aldiz egingo dugu gure estudioan.

 

Umeek gurasoekin batera hurbildu behar dute. 

Berez umeei zuzendua dago. Ariketa txiki bat izango da, ordubete edo ordu t`erdikoa. Kamiseta batzuk egingo ditugu. 

 

Tailerrera animatzen denak, zer eraman behar du?

Kotoizko kamiseta argi bat. 

 

Bakoitzak bere margoa inprimatuko du ala irudi bera baliatuko dute denek?

Bietara egin izan dut. Erabakitzeke dago oraindik baina seguruenik nahikoa librea izango dela. Eredu bat emango dut baina hortik aurrera nahi duenak bere sormena garatu ahal izango du. 

Egia esan, gustuko dut irudi berdina erabiltzea eta ondoren estanpazio denak numeratzea;  ikusteko zer den obra grafiko bat. Tailerrean 17 kamiseta egiten baditugu, bakoitza numeratu eta sinatu egingo dugu. 

 

Eta bide batez, estanpazioa zertan datzan ikasiko dute.

Estanpazioaren magia deskubritzeko aukera izango dute. Oso era sinplean. Emaitza oso ikusgarria da hala ere, eta bakoitza bere kamisetarekin joango da poz-pozik etxera.

 

Harria Hitz bisita gidatua 

Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu Harria Hitz ibilbideak. Herrian ditugun artelanak baliatzen dira horretarako.

Uztailak 13 larunbata

-10:00 Irteera frontoitik.

-10:05 Harria Hitz bisita gidatua herrigunean. 

-11:15 TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokora bisita.

-12:35 Zumeta Arte Estudiora bisita.

-16:00 Familientzat serigrafia tailerra (6 urtetik aurrerako haurrentzat) Zumeta Arte Estudioan.

-Tailerrerako materiala: Kotoizko kamiseta argia.

-Hizkuntza: Azalpenak euskaraz emango dira. 

-Izen-ematea: Bisita doakoa izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (25 lagun, gehienez goizeko bisitetarako/ 20 lagun serigrafia tailerrerako).

-Informazioa eta erreserbak: 688 818 017 / info@kultour.pro