"60 lagunen parte-hartzearekin, aretoa mukuru hasiko da ostegunean "Maitasuna politikoa da" Jakin Jardunaldia"

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 10a, 17:50

Hala iragarri du Jakin-ek sare sozialen bidez. Guztia prest dute antolatzaileek, Artzabal ostegun eta ostiral honetan jardunaldi gune bilakatzeko. "Maitasuna politikoa da". Hortxe jardunaldion izenburua. Ostegun goizeko 8:30etan abiatuko dira.

Hirugarrenez UEUren udako ikastaroen baitako Jakin Jardunaldien atarian da Usurbil. Jardunaldi egunak izango ditugu ostegun eta ostiral hau, uztailaren 11 eta 12a hurrenez hurren. “Usurbil hitzaren eta gogoeta pausatuaren topaleku izan dadin nahi dugu”, zioen Xabier Arregi alkate ohiak jardunaldion maiatzeko aurkezpenean.

"Maitasuna politikoa da" jardunaldietan arlo ezberdinetako adituak batuko dira. “Maitasunaren ideologiak gure buruak, gure harremanak eta gure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen aztertuko dugu aurten”. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariaren hitzak dira horiek. Antropologoak, arkitektoak eta hezkuntza arloko adituak ekarriko dituzte egunotan Artzabal baserrira; Mari Luz Esteban, Lorea Agirre, Oihane Ruiz, Leire Milikua, Nora Salbotx, Ula Iruretagoiena eta Jone Miner, besteak beste.

Kepa Sarasola UEUko zuzendariaren esanetan, “gure zereginen artean dago topaguneak eskaintzea: ezagutza eta euskara zabaltzeko, hausnartzeko eta eztabaidarako. Udako Ikastaroak helburu horiek guztiak bideratzeko toki ezin aproposagoak dira, bai eta elkarlana sustatzeko ere”.

47. UDAKO IKASTAROAK: JAKIN JARDUNALDIAK
Jardunaldi egunak: uztailak 11-12.
Tokia: Artzabal.
Ordutegia: uztailaren 11n (osteguna), 9:00-17:00 artean; uztailaren 12an (ostirala), 9:00-14:00 artean.
Ordu kopurua: 10 ordu.
Zehaztasunak: "Maitasuna politikoa da ideologia bat delako eta bizikera eta bizileku eredu jakin batzuk eraikitzen dituelako. Maitasuna ulertzeko dugun moduak gizarte harreman eta gizarte antolamendu jakin batzuk eratzen ditu eta horiek berekin dituzte botere harremanak eta menderakuntza moduak. Harremanen arkitektura horrek guztiak bere hirigintza eta bere arkitektura ditu. Ikus dezagun nolakoa den maitasunaren ideologiaren eraikuntza eta sortzen duen arkitektura. Eta saia gaitezen ikusten ea maitasuna beste modu batez ulertzeak bizikera eta bizileku bizigarriagoak eta berdinzaleagoak eraikitzea ekar lezakeen".
Informazio gehiago eta matrikulazioa bideratzeko: ueu.eus

Antolatzaileak: UEU, Jakin eta Usurbilgo Udala.

EGITARAUA

UZTAILAK 11, osteguna
08:30-09:00 Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:15-09:30 Ongietorria
09:30-10:15 Lorea Agirre Dorronsoro: Maitasunaren ideologiaren eraikuntzak eta deseraikuntzak
10:15-11:00 Oihane Ruiz Menéndez: Maitasunaren ideologia eta hirigintzaren arteko lotuneak
11:00-11:30 Kafe tartea
11:30-12:15 Leire Milikua Larramendi: Arkitektura, desira eta sexualitatea
12:15-13:00 Saio irekia
13:00-15:00 Bazkaria
15:00-17:00 Esperientzien plaza: Elizondo, Bakio, Usurbil

  • Nora Salbotx Alegria: Umeak herriak eraikitzen (Elizondo)
  • Ula Iruretagoiena Busturia: Transbertsalitatea eta afektoak udalerri plangintzan (Bakio)
  • Jone Miner Aginaga: Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa (Usurbil)


UZTAILAK 12, ostirala
09:00-09:45 Mari Luz Esteban Galarza: Maitasuna erdigunetik kanpo
09:45-10:30 Abaraska kolektiboa: Etxebizitza eredua auzitan jartzen (Donostia)
10:30-12:00 Tailerra eta kafea: Etxebizitza parekidea eta kooperatiboa nola eta nondik?
12:00-13:00 Partekatzeko saioa
13:00-13:30 Bea Egizabal Ollokiegi: Klownklusioak.