Mirandes taldea zuzenduko du Andoni Iraolak

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 10a, 09:25

Miranda Ebroko futbol klubak eman du ezagutzera albistea asteazken goiz honetan: Andoni Iraola usurbildarra izango da taldeko entrenatzaile berria datorren 2019-20 denboraldian. 13:00ean agerraldia egingo dute xehetasunak eskaintzeko. Une horretan aurkeztuko dute jendaurrean Iraola, Mirandeseko entrenatzaile berri gisa.

Andoni Iraola Sagarnak (Usurbil, 1982) zuzenduko du Mirandes CD futbol taldea 2019-20 denboraldian, talde gorritxoa maila profesionalera itzuliko den honetan hain zuzen. Usurbildarrak urtebeterako kontratua hitzartu du Miranda Ebroko bigarren mailako taldearekin. Bertan da jada, aurredenboraldia abiatu aurretik lanean hasteko prest. 

Ibilbide luzea osatu du Iraolak futbolari gisa. Elite mailan 12 urtez aritu zen, Athleticen. 2003-2004 denboraldian hasi zenetik 500 partida baino gehiagotan parte hartu zuen. Gero, AEB-tako New York City FC taldean aritu zen epe labur batean. Iaz hasi zuen entrenatzaile gisa bere ibilbidea; Txipreko AEK Larnaca zuzendu zuen urte hasierara arte. Tarte horretan, taldea Europa Leaguen sailkatzea eta urrian, Txipreko Superkopa irabaztea lortu zuen.

37 urterekin entrenatzaile gisa jardungo du orain Iraolak Mirandes taldean.