Satelitik-en kontzertua gaur 22:00etan Mikel Laboa plazan: “Errutinatik ihes egiteko beharretik hasi ginen taldean”

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 11a, 09:04

Beran (Nafarroa) sortutako Satelitik taldea izango dugu ostegun honetako Laboaren Uztaila zikloko hurrengo kontzertuan. Jatorriz, Larrun gainean egunerokotasunetik ihes egiteko sortutako Le Trois Satelite talde handitua da Satelitik. Musika lasaia eskaintzera datoz denontzat ostegun honetan, uztailaren 11n 22:00etan Mikel Laboa plazara.

Satelitik nolatan sortzen da?
Satelitik: 
Errutinatik ihes egiteko beharretik hasi ginen taldean; lanetik atera, zerbeza batzuk edan eta musika pixka bat jotzeko. Gutxinaka kontzertuak eskaintzen hasi ginen kalean, Donibanen, Baionan, Bilbon. Hasieran hiru lagun, gero banda handitzea erabaki genuen unea heldu zen. Orduan Ibai Gogorza Borrokan-eko musikaria eta ekoizlea sartu zen. Berak ekoiztu zuen guren lehenbiziko diska. Gero gutxinaka instrumentu gehiago sartzen joan gara. Sei kide gara, baina kontzertuan bost izanen gara. 

Eguneroko bizimoduaren ihesbide bezala sortutako taldeak beste forma bat hartu du azkenean.
Gutxinaka joan da eraldatzen. Azkenean soinu serioago bat hartu du taldeak partaide berriak sartu ahala. Oraindik guretzat ere ihesbidea da. 

Ihesbide honetan zer musika sortu duzue?
Musika nahasketa handia. Soinu lasaiak dira, akustikoan jotzen dugu. Normalki, folka edo popa jotzen dugula esaten digute baina munduko musika desberdinak ukitzen ditugu. Estiloak nahikoa hegatzeko ematen dizu. Lasaia da, bals batetik erritmo biziago edo latinoago batera jotzen ahal du. Nahiz eta duela urte pare bat edo hirutik jotzen egon ez dago estilo definiturik, ihesbide modu honetan ateratzen dena da. Momentuko nahiko soinu freskoa da. 

Nolatan animatu zarete Laboaren Uztailan parte hartzera?
Laboa erreferente bat da, nahiko zentzuduna da Satelitikentzat hor jotzea. Laboaren Uztaila kolektiboko kideak ezagutzen ditugu. Iaz deitu ziguten ere baina ez ginen animatu ze oraindik nahiko berde ikusten ginen. Kalean jo genuen baina oraindik eskenatoki edo kontzertu bakarra izatera ez ginen ausartzen eta Joseba Irazoki egon zen gure partez. 

Zer aurkituko du zuen emanaldira doanak?
15 kanta, dugun kanta guztiak jotzen ditugu. Hiru ordu laurden edo kasik ordu batera ailegatuko den emanaldia izango da. Eta bai, musika mota honek edozein pertsona aditzera hurbiltzea laguntzen du. Bai haur eta helduek aditzen ahal dute musika hau, soinu lasaia da, eta hori du ona. Guk egiten dugun musika edo atmosfera publiko guztientzako dela.

Aurrera begira nola irudikatzen duzue zuen ihesbidea?
Diska iaz atera genuen baina ez dugu aurkeztu ere egin. Aste honetan joko ditugun bi kontzertuak, bai Usurbilgoa eta 13an Arantzako aterpetxekoa, horiek izango dira diskaren aurkezpen moduko bira txiki bat. Hau eta gero normalki ez dugu kontzertu gehiagorik joko eta segituko dugu betikoan, lanetik atera, kantuak egin, errepertorioa luzatu, eta agian, dena ongi badoa beste diska bat atera. Baina inongo presiorik gabe. Hau talde edo proiektu askea da eta lasaitasunez egiten ditugu gauzak. 

Satelitik:
Dani Irazoki - ahotsa, gitarra
Kotte Berrueta - Akordeoia
Jones Agara - gitarra, ahotsa
Ibai Gogorza - kontrabaxua, saxoa
Mikel Lertxundi - perkusioa


Laboaren Uztaila 
Tokia: 
Mikel Laboa plaza.
Uztailak 11:22:00 Satelitik.
Uztailak 18: 22:00 Pelax 
Uztailak 25: 22:00 MICE.