Usurbilgo jaien balantzea egiteko bilera uztailaren 15ean

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 11a, 08:27

Udako inguruotako hurrengo jaietan murgildu aurretik, balantzerako ordua da. 2019ko herriko festak igarota, balorazio bilera deitu du Jai Batzordeak datorren astelehenerako (uztailak 15) 18:00etan Potxoenean.

Ohi bezala, orain artekoen antzera, bilera irekia izango da honako hau ere. Herritar nahiz eragileak daude gonbidatuak, uztailaren 15eko hitzordura; 18:00etan Potxoenean. Bertan norberak antolaturiko nahiz orohar festen inguruko balorazioa egiteko tartea hartuko da: zerk funtzionatu duen, zer dagoen hobetzeko...

Jai Batzordetik galdetegi bat banatu zaie jaien antolakuntza lanetan parte hartu duten herritar nahiz eragileei. Inkesta hau beteta, ostiral hau (uztailak 12) baino lehen Potxoeneara helarazi edo emailez bertara igortzea eskatu dute. Uztailaren 20rako diru kontuak argitzeko deia egin zaie baita antolatzaileei.

Jai gehiago ate joka
Joan zitzaizkigun Usurbilgo jaiak, festa giroa halere etenik ez du izango hilabeteotan. Adi hurrengo festen datei, uztaila amaieran eta abuztu hasieran nahiz amaieran parranda giroa nagusituko da, Zubietan lehenik, Urdaiagan segidan eta oporren itzuleran, Atxegalden azkenik. Hemen festa guztion datak, xehetasun gehiago egunotan:
-Zubietako jaiak: uztailak 24-31.
-Urdaiagako jaiak: abuztuak 2-4.
-Atxegaldeko jaiak: abuztuak 23-25.