Maitasunetik abiatu dituzte, UEU, Jakin eta Udalaren jardunaldiak Artzabalen

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 11a, 10:21

Maitasunetik maitasunaz hausnartu eta gugan, gizartearengan duen eraginaz gogoetatzeko gonbitarekin abiatu dituzte goizean Artzabalen, UEU-k, Jakinek eta Usurbilgo Udalak ostiralera arte antolaturiko jardunaldiak, aretoa goraino betea zela. Izenburuak ere hala dio, "Maitasuna politikoa da". 

"Gozagarria da aretoa hala ikustea" esanez hasi du bere hitzaldia Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak, jardunaldion antolaketak bidelagun izan dituen UEU-ko zuzendari Kepa Sarasola eta Jakin Fundazioko lehendakari Lorea Agirre alboan zituela.

Hirurek, Udalak, UEU-k eta Jakinek Usurbilen jardunaldiak antolatzeko adostu zuten hiru urteko hitzarmena amaierara heldu da abian den hirugarren edizio honekin. Usurbilgo alkateak ordea elkarlanari segida emateko keinu argia egin die UEU-ri eta Jakin Fundazioari. Urteotako lankidetzarekiko esker ona adierazi eta eroso, erraz, gustagarri eta oso aberasgarritzat jotzearekin batera zioenez, "hitzarmena berritzea espero dut eta hurrengo urtean ere bertan egoteko aukera izatea guztiok".

Dagoeneko "ezagutzaren, jakinminaren eta kulturaren topaleku" honek herrian bere lekua hartu duela adierazi du. Aurtengoan, "maitasun politikoa" izango dute hizpide, alkatearen esanetan, "maitasuna zentzu zabalean hartuta, bikote harremanetatik eta maitasun harremanetatik harago. Gure gizartearen erdigunean baitaude maitasuna eta emozioak eta horren bueltan eraikitzen dugu gure egunerokoa, gure gizarte harremanak, edota bizitza bera ulertzeko eta gizartea ordenatzeko modua bera ere". 

Hausnarketa eta eztabaidarako hainbat galdera proposatu ditu, bertaratu direnei ongi etorria eman eta Usurbilez gozatzeko gonbita luzatzearekin batera. "Zer da maitasuna? Zerbait magikoa da, definitu daiteke edo defini ezina da? Nola antolatzen da gizartea maitasunaren bidez eta horrek nola eragiten digu guri, emakumeoi? Eta nola eraiki, posible bada, bestelako maitasun eredu bat, askoz ere maitasun parekideago eta justuago bat? Eta nola atera maitasuna erdigune horretatik, atera behar bada?".

"Elkarrekin, hori da gure helburua"
UEU-ko zuzendari Kepa Sarasolak jardunaldion hiru antolatzaileen arteko elkarlana goraipatu du, jardunaldion formatua arrakastatsutzat jotzearekin batera. "Elkarrekin da UEUren ikastaroetako leloa, eta gaur ikusten duzue, egoera ezinhobean gaudela, norekin eta Usurbilgo Udalarekin eta Jakinekin". Elkarrekin ez soilik antolatzaileak, bertaraturiko lagunak ere. "Elkarrekin arkitektuak, hezkuntza mundukoak eta filosofia. Elkarrekin, hori da gure helburua. Lortzen ari gara, eta hau da gure udako ikastaroen azken tontorra, 2019ko jardunaldietan". 

"Benetan interesgarria da udaletxe batek halako sentsibilitatea izatea"
"Pixkanaka oinarria jartzen eta indarra hartzen ari den plaza" gisa definitu ditu Usurbilgo jardunaldiok, Jakin Fundazioko lehendakari Lorea Agirrek. "Benetan interesgarria da, udaletxe batek halako sentsibilitatea izatea jakintzarekiko, bai Euskal Herriko bi herri ekimenekiko eta guztien arteko elkarlanarekiko". Usurbilgo Udala goraipatu du, bere esanetan tokiko erakunde hau izan zelako, Xabier Arregi alkate zela, jardunaldion sustatzaile nagusia. "Ez da oso ohiz ikusten den formula bat, baina benetan uste dut emaitza argi ikusten dela eta lankidetza berri bat sortzen duela".

Abiatu berri diren jardunaldiei dagokienez, gustagarri eta pozgarritzat jo du aretoa beteta ikustea, eta desio bat agertu du. "Maitasuna zer den eta zer ez esatera iritsiko garela egunotan", eta horrekin batera, "espero dut giro ona, ikasteko asko, eztabaida eta denok ia parte hartzeko moduan izaten garen".