100 euroko bost sari jokoan, Hurbilagoren udako ekimen berrian

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 12a, 15:04
Hurbilago Elkarteko kideak kanpaina berria aurkezten. Irudiaren egilea: Hurbilago.

Bezeroen fideltasuna saritu nahi du Hurbilago Elkarteak uda honetan. Horretarako, 100 euroko bost sari jarri ditu jokoan. Usurbilgo ostalari eta merkatarien elkarteko saltokietan erosketak egitea giltzarria izango da, sariok eskuratzeko.

Usurbilen bizi eta erosteak 100 euroko bost opari dakartza uda honetan, Hurbilago Elkarteak abiarazi duen “Zure fideltasunak saria du” ekimen berriari esker. Usurbilgo ostalari eta merkatarien bilguneko saltokietan erosketak egiterakoan, kanpainako eskuorri bat jasoko duzue eta bertan itsatsi ahalko dituzuen pegatinak. 10 euroko erosketa bakoitzeko pegatina bat eskuratu ahalko duzue. 

Herriko saltokiekin duzuen fidelizazioa bermatzeko erosketak denetariko dendetan egin beharko dituzue. Eskuorriko hutsuneak betetzeko 20 pegatina lortu beharko dituzue janari dendetan, hamarna eskuratu beharko dituzue moda eta osagarrien zein edertasun eta osasunaren dendetako erosketetan. Bosna pegatina aldiz, liburu eta jostailu dendetan eta etxeko artikuluak saltzen dituztenetan.

Eskuorrian bertan duzue pegatinak eskuratzeko zenbat erosketa eta non egin behar dituzuen. Beharrezko pegatina guztiak itsastea lortzen baduzu, fidelizazio eskuorri edo kartilla honetan zuen datu pertsonalak idatzita, Usurbil Optikara eraman. Hala egiten duten lehen bost lagunek, bakoitzak Hurbilago elkarteko kide diren saltokietan xahutu ahalko duen 100 euroko erosketa balea eskuratu ahalko du. Lehenengo bost sarituak agertzen direnean bukatutzat emango du kanpaina Hurbilagok. Eta iragarri dutenez, irailean kanpainaren edizio berri bat abiaraziko dute.